Oscarrak 2024
Umorea eta adiskidetasuna
Hautagaiak Oscarretako urteroko bazkarian bildu dira
Erredakzioa
Estatuatxoak banatu baino hiru aste lehenago, Hollywoodeko Akademiak hautagai guztiak bildu ditu, bazkari batean. Aktoreek eta zuzendariek pozik baina urduri daudela azaldu dute.


Hollywoodeko Akademiak urtero prestatzen duen bazkariak aurtengo Oscar sarietako hautagaiak bildu ditu. Estatuatxoak banatu baino hiru aste lehenago, besteak beste Robert De Nirok eta Quvenzhane Wallisek urduri daudela azaldu dute.
"Garrantzitsua da oraindik", esan du De Nirok duela 40 urte Aita jauna II (1974) filmari esker lehen estatuatxoa irabazi ostean. Orain, hirugarrena eskuratzekotan dago, El lado bueno de las cosas pelikulan egindako lanaren ondorioz. "David O. Russell zuzendariarekin lan egin nahi nuen", gaineratu du.
Ilusio handiarekin baina urduri dagoela esan du Wallisek. Bederatzi urterekin, Oscarretako historiako emakumezko hautagai gazteena izatea lortu du, Hego basatiko piztiak filmari esker.
"Oso pozik nago hemen egoteagatik. Inoiz ez nuen pentsatu nire adinarekin horrelako zerbait gertatuko zitzaidala", esan du mikrofonora iritsi ahal izateko plataforma batera igota.
Jessica Chastain eta Jennider Lawrence Emakumezko Aktore Onenaren Oscarrera hautagaiek Hollywoodeko Dolby antzokiko alfonbra gorrian izateko irrikan daudela adierazi dute. Ben Affleckek, berriz, hau bizitzen ari dela sinetsi ere egiten ez duela esan du.
"Emakume gehienek ezkontzako soinekoarekin amets egiten dute, ezta? Nik Oscarretan jantziko nuenarekin egin dut beti amets", esan du Chastainek. "Lasterketa bat dela dirudi, baina nik dagoeneko irabazi dudala sentitzen dut. Ez dut sentsazio hori galdu nahi. Garrantzitsua da disfrutatzea", azaldu du.
Lawrencek Gauzen alde ona filmerako jantzi zituen korrika egiteko galtzak jantziko dituela esan du. Gala disfrutatu nahi duela azaldu du: "Mozkortu egingo naiz eta gero Vanity Fair aldizkariaren festara eraman nazatela".
Chastainek, Lawrencek eta Anne Hathawayk, Bigarren Emakumezko Aktore Onenaren saria jasotzeko faboritoak, oraindik ez dute zeremonian jantziko duten soinekoa aukeratu.
"Super Bowlarekin lanpetuta ibili nintzen atzo. Ezin nuen soinekoetan pentsatu", esan du Miserableak filmeko aktoreak.
Bradley Cooperrek Gauzen alde ona pelikulan egin duen paperak bere ibilbide profesionala aldatuko duela esan du: "Hangover filmarekin ez nintzen hemen izan". Aktoreak zeremoniara amarekin joango dela iragarri du.
Akademiaren mikrofonoen aurrean beste hauek ere izan dira: Amy Adams, Christoph Waltz, Hugh Jackman, Sally Field, Tim Burton, Jackie Weaver, Denzel Washington eta Naomi Watts.