Itxi

Oscarrak 2024

86. edizioa

Aktore adinekoena gazte hasiberriekin lehian, Oscar sarietan

Erredakzioa

June Squibb, Lupita Nyong´o, Matthew McConaughey, Michael Fassbender, Leonardo DiCaprio eta Amy Adams, lehen estatuatxoaren bila dauden aktoreen artean.

  • Leonardo DiCaprio "The Wolf of Wall Street" filmean. Irudia: Universal

    Leonardo DiCaprio "The Wolf of Wall Street" filmean. Irudia: Universal

Oscar sarien 86. edizioan, baliteke June Squibb adineko aktorea (84 urte) saritzea. Lehen aldiz izendatu dituzten aktoreen artean azkenaldian zeresan handia eman duten Matthew McConaughey eta Lupita Nyong´o daude, eta baliteke Leonardo DiCaprio edo Amy Adams aktoreen maila are gehiago nabarmentzea.

Meryl Streepek "August: Osage County" filmean egindako lanagatik laugarren Oscarra jaso lezake. Bere ibilbidean jaso duen hemezortzigarren izendapena lortu du lan horrekin. John Williams konpositoreak, bestalde, 44 izendapen bildu ditu jada, eta bere seigarren garaikurraren bila joango da "The book thief" filmean egindako lanari esker.

Los Angeleseko Dolby antzokian igandean ospatuko den Oscar sarien 86. edizioak June Squibb, "Nebrasca" (Alexander Payne), sari hori jasotzen duen aktore helduena bihur dezake.

Sari hauetara lehenengoz helduko diren beste bi aktore Sally Hawkins ("Blue Jasmine", Woody Allen) eta Lupita Nyong´o ("12 Years a Slave", Steve McQueen) dira. Film honetan egindako lanari esker Michael Fassbenderrek antzeztaldeko bigarren gizonezko aktore onenaren izendapena jaso du. Sail horretan, Jared Leto ("Dallas Buyers Club") eta Barkhad Abdi ("Captain Phillips") aktoreekin lehiatuko da.

Gizonezko protagonista nagusien sailean, Leonardo DiCaprio bere lehen Oscarra irabazten ahaleginduko da "The Wolf of Wall Street" (Martin Scorsese) filmean egindako lanagatik. Hainbatetan izendatu badute ere, DiCapriok ez du oraindik Oscar saria etxera eramatea lortu.

"Gravity" eta "American Hustle" fimak dira izendapen gehien dituzten lanak: 10, guztira. Beraz, ez dute 1950ean "All About Eve" eta 1997an "Titanic" filmek lortutako 14 izendapenen marka hautsi.