Itxi

Oscarrak 2024

Otsailak 10

Oscarrak, jabe bila

eitb.eus

Astelehen goizaldean banatuko dituzte Hollywoodeko Akademiaren sariak. “Joker” Todd Phillipsen filmak bildu ditu izendapen gehien, hamaika.

  • 2020ko Oscar sariak

    Astelehen goizaldeko 02:00etan hasiko da Oscarrak banatzeko gala. Argazkia: Efe.

"1917" teknikoki bikaina, "Joker" eta Joaquin Phoenixek bertan egiten duen paper harrigarria, "The Irishman" usain klasikoko pelikula, Tarantino eta 60ko eta 70eko hamarkadetako Hollywoodeko bere erretratu nostalgiko baina berritzailea, "Parasite" maisulan ilun, politiko eta, halere, irrigarria…

Zinemazaleek azken hiletan hizpide izan dituzten film, zuzendari, gidoilari, aktore eta teknikariak nor baino nor gehiago lehiatuko dira Euskal Herrian astelehen goizaldean, 02:00etan, hasiko den Oscar sarien galan, Los Angelesen.

Ohi bezala, Dolby antzokiak hartuko du AEBko zinemaren urteko gaurik garrantzitsuena. Iaz bezala, ez da zeremonia maisurik izango, eta gonbidatuak sailez sail agertuko dira 24 sariak ematera: Óscar Isaac, Jane Fonda, Tom Hanks, Natalie Portman, Chris Rock, Taika Waititi, Mahershala Ali, Utkarsh Ambudkar, Timothée Chalamet, Olivia Colman, Penélope Cruz, Gal Gadot, Salma Hayek, Diane Keaton, Shia LaBeouf, Spike Lee, Keanu Reeves, Sigourney Weaver…

Gainera, musikari dagokionez, Billie Eilish, Elton John eta Cynthia Erivo arituko dira, besteak beste, zuzenean 225 herrialdetan jarraituko duten galan.

Izendapen gehien, “Joker”ek

"Joker" Todd Phillipsen filmak bildu ditu izendapen gehien, 11. Haren atzetik daude, hamarna izendapenekin, "The Irishman", "1917" eta "Once upon a time... in Hollywood".

Pelikula onenerako izendatuta daude “Ford vs Ferrari”, “The Irishman”, “Jojo Rabbit”, “Joker”, “Little women”, “Marriage story”, “1917”, “Once upon a time… in Hollywood” eta “Parasite”.

Horiez gain, hauek dira kategoria nagusietan izendatutakoak:

Zuzendari onena: Martin Scorsese ("The Irishman"), Quentin Tarantino ("Once upon a time... in Hollywood"), Bong Joon-ho ("Parasite"), Sam Mendes ("1917") eta Todd Phillips ("Joker").

Emakumezko aktore onena: Renee Zellweger ("Judy"), Charlize Theron ("Bombshell"), Scarlett Johansson ("Marriage story"), Saoirse Ronan ("Little women") eta Cynthia Erivo ("Harriet").

Gizonezko aktore onena: Joaquin Phoenix ("Joker"), Adam Driver ("Marriage story"), Leonardo DiCaprio ("Once upon a time... in Hollywood"), Antonio Banderas ("Dolor y gloria") eta Jonathan Pryce ("The two popes").

Bigarren mailako emakumezko aktore onena: Laura Dern ("Marriage story"), Margot Robbie ("Bombshell"), Florence Pugh ("Little women"), Scarlett Johansson ("Jojo Rabbit") eta Kathy Bates ("Richard Jewell").

Bigarren mailako gizonezko aktore onena: Brad Pitt ("Once upon a time... in Hollywood"), Al Pacino ("The Irishman"), Joe Pesci ("The Irishman"), Tom Hanks ("A beautiful day in the neighborhood") eta Anthony Hopkins ("The two popes").

Nazioarteko film onena: "Corpus Christi" (Polonia), "Honeyland" (Ipar Mazedonia), "Les miserables" (Frantzia), "Dolor y gloria" (Espainia) eta "Parasite" (Hego Korea).