Itxi

Oscarrak 2024

2020

"Parasite", film onena Oscar sarietan

eitb.eus

Bong Joon-Hok zuzendari onenaren saria ere irabazi du hegokorear film horregatik. Interpretazioan, Joaquin Phoenixek eta Rene Zellwegerrek pronostikoak bete dituzte.

2:58

"Parasite" hegokorear pelikulak film onenaren Oscar saria irabazi du Hollywoodeko Zinema Akademiak gaur goizaldean eman dituen sarietan. Historian lehen aldiz eraman du gaueko sari nagusia ingelesa ez den hizkuntza batean filmatutako pelikula batek.

Bong Joon-Ho film horren zuzendariak, gainera, zuzendari onenaren Oscarra eraman du, eta jatorrizko gidoi onenaren eta atzerriko film onenaren sariak ere "Parasite"k jaso ditu, hegokorear zinemaren gau biribilean.

Interpretazioei dagokienez, Joaquin Phoenix ("Joker") eta Rene Zellweger ("Judy") faborito nagusiek gizonezko eta emakumezko aktore onenen sariak irabazi dituzte, eta Brad Pittek ("Once upon a time... in Hollywood") eta Laura Dernek ("Marriaga story"), antzeztaldeko aktoreenak.

Zellwegerrentzat bigarren Oscarra izan da, eta Judy Garlandi eskaini dio saria, filmean gorpuzten duen aktoreari, zeinak inoiz ez baitzuen Oscar saria jaso. "Ez zuen ohore hau jaso, baina seguru nago hau guztia haren legatuaren jarraipena dela. Haren espirituaren eskuzabaltasuna edozein lorpen artistikoz haraindira iristen da. Hau zuretzat da, Garland andereñoa", adierazi du biziki hunkituta.

Bestalde, lau aldiz izendatuta egon eta gero lehen Oscar saria duena jasotzeko orduan, Joaquin Phoenixek aldatu beharra eta gizartean "nork bere zilborrari" begiratzeari uzteko kontzientzia hartu beharra hartu ditu hizpide, eta River Phoenix gazterik hildako anaia hartu du gogoan: "17 urte zituela, anaiak hau idatzi zuen: Korri erreskaterantz, eta bakea gero etorriko da".

"1917" drama belikoa zen, galaren aurretik, Oscarretako faborito nagusia, baina, azkenean, hiru sari eraman ditu: argazkilaritza, efektu berezi eta soinu nahasketa onenenak.

Sari gehien irabazi dituztenen zerrendan, "Parasite"ren eta "1917"ren atzean, "Once upon a time… in Hollywood" eta "Le Mans ‘66" sailkatu dira, bi golardo bereganatuta.

"Garaipen historikoa"

"Ez daukat hitzik. Inoiz ez genuen pentsatu hau gertatuko zela. Oso pozik gaude", adierazi du Sin-ae Kwak "Parasite" filmaren ekoizleak, Dolby antzokian bertaratutakoak zutik zirela, Jane Fondak film onenaren Oscar saria eman dionean.

"Historian oso une egokia gertatzen ari dela sentitzen dut", erantsi du.

Musikak agindu du galan

Oscarren 92. edizioko galak ez du hitzaldi oso gogoangarririk ekarri, eta musikaren bidetik etorri dira une hunkigarrienak. Billie Eilish musikari gazteak, esaterako, Yesterday Beatlesen kantu mitikoaren bertsioa eskaini du, pantailan joan den urtean hildako zinemako langileak, hala nola Kobe Bryant saskibaloi jokalaria (2018ko Oscar saria irabazi zuen, animaziozko film laburren sailean) eta Kirk Douglas, gogoratzen zituzten bitartean.

Halaber, 2002an jatorrizko abesti onenaren Oscarra irabazi eta 18 urtera, Eminem rap musikariak agertokia hartu du, ezustean, eta Lose yourself "8 mile" filmeko abestia interpretatu du.

Janelle Monáe, Elton John, Cynthia Erivo, Idina Menzel eta beste hainbat izar ere aritu dira galan.