Publizitatea
Itxi

2021/04/25

07:09

Oscarrak 2021

93. edizioa

Atzerapenez bada ere, hemen dira Oscarrak

N. V. | EITB Media

Hollywoodeko Akademiaren sariak igandean (astelehen goizaldea Euskal Herrian) banatuko dituzte Dolby Theatren eta Los Angeles Union autobus geltokian.

1:17
'Mank' filmeko fotograma
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Pandemiaren ondorioz ohi baino bi hilabete geroago bada ere, azkenean Zinema Arte eta Zientzien Hollywoodeko Akademiak Oscar sariak banatuko ditu 2020 osoan eta 2021eko otsailaren 28ra arte estreinatu ziren pelikulen artean, sarion laurogeita hamahirugarren edizio honetan.

Gala igandean, apirilaren 25ean (apirilaren 26ko goizaldea Euskal Herrian), egingo dute, bi agertoki nagusitan: Dolby Theatre eta Los Angeles Union autobus geltokia. Azken urteotan bezala, gainera, aurkezle nagusi bakar bat barik, zinema munduko hainbat eta hainbat izar arduratuko dira sariak emateaz.

Besteak beste, emakumezko eta gizonezko aktore onenen sarirako izendatuta dauden bi antzezle, Viola Davis eta Riz Ahmed, jardungo dira aurkezle lanetan, baita Brad Pitt, Laura Dern, Rita Moreno, Joaquin Phoenix, Reese Witherspoon, Halle Berry, Bong Joon Ho eta Harrison Ford ere. Pandemiari egokitzeko, ohiko formatua aldatu eta zuzeneko pelikula bat irudikatuko duen gidoi bati jarraituko dio galak.

Antolatzaileen esanetan, Los Angelesera bertaratzen diren gonbidatu guztiek 40 eguneko koarentena egin beharko dute, kanpoko inorekin harremanik izan gabe, eta hiru PCR proba egingo dizkiete, bidaia egin aurretik, lurreratutakoan eta zeremoniaren egunean bertan.

Horrela, bideo deirik gabeko gala egitea lortu dute antolatzaileek, eta beste egoitza bat paratuko dute Londresen, agenda arazoak edo bidaiatzeko murrizpenak tarteko Kaliforniaraino joan ezin direnentzat. Itxuraz, Olivia Colman eta Anthony Hopkins izango dira horretan.

Galan zehar, gainera, Steven Spielbergek zuzendu duen “West Side Story” klasikoaren bertsio berriaren aurrerapena estreinatuko dute.

 “Nomadland”, faborito nagusia

Nahiz eta “Mank” David Fincherrek zuzendutako filmak bildu dituen izendapen gehien, sari nagusietarako faborito argiena “Nomadland” Chloé Zhaok zuzendutako pelikula da; film onenaren saria eta beste sari garrantzitsu batzuk bereganatu ditu dagoeneko Urrezko Globoetan, Bafta sarietan, Veneziako jaialdian, Spirit sarietan eta beste hainbat topaketatan.

 “Mank” hamar izendapen jaso dituen filma Herman Mankiewicz “Citizen Kane” filmeko gidoilariaren inguruko biopica da, eta 1941ean estreinatu zen Orson Wellesen maisulana filmatzeko prozesua erakusten du.

Film onenaren sailerako hautagaiak “Mank” bera, “Nomadland”, “The Trial of the Chicago 7”, “The Father”, "Judas and the Black Messiah", “Minari”, “Promising Young Woman” eta “Sound of Metal” dira.

Izendapen kopuruari begiratuta, seina izendapen bereganatu dituzten sei film ageri dira, “Mank”en atzetik: “The Father”, "Judas and the Black Messiah", "Minari”, "Sound of Metal", “The Trial of the Chicago 7” eta “Nomadland”, porrot ekonomikoak bultzatuta Frances McDormand aktore zoragarriak AEBko Mendebaldean zehar karabana batean abiatutako bidaia bakartian laguntzen dion filma.

Hain zuzen ere, Chloe Zhao “Nomadland”en zuzendariak lehiakide izango ditu, zuzendari onenaren sailean, Thomas Vinterberg ("Anothe round"), David Fincher ("Mank"), Lee Isaac Chung ("Minari") eta Emerald Fennell ("Promising Young Woman").

Interpretazioari helduta, hauek aukeratu dituzte Akademiako kideek emakumezko aktore onenaren atalean: Frances McDormand ("Nomadland"), Carey Mulligan ("Promising Young Woman"), Viola Davis ("Ma Rainey's Black Bottom"), Andra Day ("The United States vs. Billie Holiday") eta Vanessa Kirby ("Pieces of a Woman").

Gizonezko aktore nagusi onenaren sailean, bestalde, Chadwick Bosemanek hil ondoren lor lezake Oscarra, “Rainey’s Black Bottom” filmean egin zuen lanari esker, Riz Ahmedek ("Sound of Metal"), Anthony Hopkinsek ("The Father"), Gary Oldmanek ("Mank") eta Steven Yeunek ("Minari”) egindakoei gailenduz gero.

Bigarren mailako aktoreen lanari dagokionez, emakumezkoen atala irabazteko hautagaiak Maria Bakalova (“Borat”), Glenn Close (“Hillbilly Elegy”), Olivia Coleman (“The Father”), Amanda Seyfried (“Mank”) eta Yuh-Jung Youn (“Minari”) dira; gizonezko hautagaiak, berriz, Sacha Baron Cohen (“The Trial of the Chicago 7”), Daniel Kaluuya (“Judas and the Black Messiah”), Leslie Odom Jr (“One night in Miami…”), Paul Raci (“Sound of Metal”) eta Lakeith Stanfield (“Judas and the Black Messiah”).  

Atzerriko film onenaren atalean, azkenik, "Another round" (Danimarka), "Better Days" (Hong Kong), "Collective" (Errumania), "The man who sold his skin" (Tunisia) eta "Quo vadis, Aida" (Bosnia-Herzegovina) ageri dira zerrendan.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena