Oscarrak 2024
AEB
Oscarretako izendatuen iragarpena atzeratu dute, Los Angeleseko suteen ondorioz
N. V. | EITB Media
Urtarrilaren 23an egingo dute hilaren 19rako iragarrita zegoen ekitaldia. Gainera, izendatuen luntxa ere bertan behera utzi dute.
-
Los Angelese ingurua gogor jotzen ari diren suteek ekarri dute atzerapena. Arazkia: Efe.
Los Angeles errausten ari diren suteen ondorioz, Hollywoodeko Akademiak Oscarretako izendatuak iragartzeko ekitaldia atzeratzea erabaki du, eta urtarrilaren 23rako jarri dute orain zita.
Sari zientifiko eta teknikoak otsailaren 18an banatu behar zituzten, eta ekitaldi hori ere atzeratu dute, nahiz eta oraindik ez duten data berririk zehaztu.
"Los Angeles inguruan oraindik ere piztuta dauden suteen ondorioz, bozketaldia luzatu beharrean gaudela uste dugu eta, hortaz, izendapenen iragarpena ere atzeratuko dugu", esan du Janet Yang Akademiaren buruak bart.
Halaber, Akademiak otsailaren 10erako zehaztu zuen hitzordua, izendatuen luntxa, bertan behera uztea ere erabaki du. Nolanahi den, adierazi zuten Oscarren zeremonia bera martxoaren 2an izango dela, hasieran jarritako datan.