Oscarrak 2024
97. edizioa
"Anora"k bere gau handia ospatu du Oscarretan
N. V. | EITB Media
Sean Bakerren filmak bost sari irabazi ditu Hollywoodeko Akademiaren gau handian, tartean film onenarena eta zuzendari onenarena Bakerrentzat berarentzat; eta zinema independentearen balioa aldarrikatu du "Anora"k.


Anora, Sean Baker zuzendariak errusiar negozioburu baten semearekin ezkontzen den sexu langile bati buruz egindako filma, izan da garaile nagusia Oscar Hollywoodeko sarien 97. edizioaren galan. Pelikula sei sailetan zegoen izendatuta, eta bost sari bereganatu ditu, tartean film onenarena, zuzendari onenarena (Sean Baker), emakumezko aktore protagonista onenarena (Mikey Madison) eta jatorrizko gidoi onenarena. "Anora"k editatzen onenaren saria ere irabazi du.
The Brutalistek, gaueko faboritoetako beste batek, hiru sari irabazi ditu, gizonezko aktore protagonista onenarena (Adrien Brody), argazkilaritza onenarena eta soinu banda onenarena. Emilia Pérez hiru saritarako izendatuta zegoen, baina bi baino ez ditu irabazi, Wickedek eta Dune: Part Twok bezianbeste. Conclavek gidoi egokitu onenaren Oscar saria besterik ez du irabazi.
Sean Baker gaur bakarrean lau Oscar sari irabazi dituen hirugarren pertsona da gaurdanik, Walt Disneyk eta, 2020an, Bong Joon-hok Parasites filmarekin jarritako marka berdindu baitu newjersytarrak (The Florida Project, Red Rocket, Starlet…). Zinema aretoen defentsa sutsua egin du Bakerrek zuzendari onenaren saria jasotzeko orduan.
"Zinemak oso garai txarrak pairatzen ari diren honetan, horien alde egin behar dugu. Zinema aretoak galduz gero, gure nortasunaren zati garrantzitsu bat galduko dugu (…). Gurasook, eraman seme-alabak zinemetara", aldarrikatu du Cannesen Urrezko Palma irabazi eta gero gaur editatzen onenaren eta jatorrizko gidoi onenaren sariak ere irabazi dituen zinemagileak.
Mikey Madisonek irabazi du emakumezko aktore onenaren saria, Sean Bakerren filmean egindako lanagatik, eta faborito nagusiari, Demi Moore The substance filmaren protagonistakideari gailendu zaio horrela. Eskertza hitzaldian, sexu langileak hartu ditu gogoan 25 urteko estatubatuar aktoreak: "Haien alde egiten jarraituko dut. Emakume horiek ezagutzea izan da esperientzia izugarri honen alde ederrenetako bat", adierazi du.
Adrien Brodyk, bestalde, aurreikuspenak bete ditu, eta gizonezko aktore onenaren Oscar saria irabazi du
Brodyk adierazi du pelikula honen helburua "trauma iraunkorrak irudikatzea" izen dela, "gerraren eta antisemitismoaren eta arrazakeriaren opresio sistematikoaren ondorioak azaleratzea", eta, hunkituta, gehitu du: "Historiak zerbait irakatsi ahal badigu, gorrotoak irabaz dezala ekidin behar dugula da, ez diezaiogun utzi faktore erabakigarria bihurtzen".
Antzeztaldeko aktore onenen atalean, Zoe Saldaña eta Kieran Culkin izan dira irabazleak, Emilia Perez eta A real pain filmetan egindako lanagatik, hurrenez hurren.
Emilia Perez filma hamahiru ataletan zegoen izendatuta Hollywoodeko sarien gau handirako, eta kritikariek atzerriko film onenaren ataleko irabazletzat joa zuten, baina I'm still here brasildarrak eraman du saria azkenean; Walter Salles zuzendariaren filma Brasilgo 1970eko hamarkadako diktaduran girotuta dago.
Gidoiei eskainitako sariei dagokienez, Anorak jatorrizko gidoi onenaren saria irabazi du, eta Conclavek gidoi egokitu onenarena.
No Other Land Basel Adra palestinarraren eta Yuval Abraham israeldarraren filmak irabazi du film luze dokumental onenaren Oscarra. 2019 eta 2023 urteen artean filmatu dute pelikula, Masafer Yatta etxalde multzoan, Zisjordanian, eta, Jerusalemek aginduta, bertako etxeak, eskolak, urtegiak eta errepideak nola eraitsi dituzten erakusten du, Israelgo Defentsarako entrenamendu eremu bat eraikitzeko.