Zinema
Iragarpena
Leonardo DiCapriok zinema utzi du aldi baterako
Leonardo DiCaprio aktore estatubatuarrak geldialdi luzea egingo duela adierazi du, nekatuta dagoelako. "Aberatsa eta pribilegiatua" dela aitortu du eta "mundua hobetu" nahi duela esan du.
-
Leonardo DiCaprio. Argazkia: EFE
Leonardo DiCaprio estatubatuarrak (esklabista baten papera egiten du "Django desencadenado" pelikulan) bere aktore ibilbidean geldialdi bat egingo duela iragarri du, nekatuta baitago.
"Apur bat erreta nago. Atseden luze-luzea hartuko dut. Bi urtetan hiru pelikula egin ditut eta birrinduta nago", adierazi du Bild egunkari alemaniarra emandako elkarrizketa batean. Esan duenez, ihesaldi bat da, baina ez omen du "erantzukizunetik" ihes egingo. "Aberatsa eta pribilegiatua" dela aitortu du eta "mundua hobetzeko" lan egingo omen du.
"Munduari buelta emango diot eta ingurugiroa hobetzeko gauzak egingo ditut", esan du. "Titanic" pelikulako protagonista "pertsona zoriontsua" dela jakinarazi du: "Aktorea izan nahi nuen eta nire bizitza ipuina da". Hau gaineratu du: "gutxinaka heldutasunera heltzen ari naiz, baina ume zoro bat ere izan naiteke". Bizitzako garrantzitsuena "familia, umeak, zoriontasuna eta ingurugiro osasuntsua" dira bere ustez eta bere etxea argia biltzeko kolektorez beteta dagoela gaineratu du. "Nire ibilgailua elektrikoa da, Sisca bat. Pertsona normal batek ez ditu eguneko 50 kilometro baino gehiago egiten, eta hori elektrizitatearekin egin daiteke", esan du aktoreak.
Urpean igeri egitea maite duela esan du, baina baita "saskibalioa eta Alemaniako futbol selekzioa" ikustea ere. Gainera, arte bildumagilea da eta lagunekin egotea gustuko du. 40 urtebetetzeari buruz, "sentsazio ona" dela esan du eta amaitzeko, hau esan du: "Heldutasuna deskubritu dut eta badakit zer den garrantzitsuena bizitzan. Okerren doakionei lagundu nahi diet, hain zuzen ere, ondo doakidalako".