Zinema
Bularrak erakutsi dituzte
Ukrainar feminista batzuek protesta egin dute Berlinalen
Gertaera hori gorabehera, Berlinaleko hasiera ekitaldia normaltasun osoz egin dute, eta Jane Fonda, Veronica Ferres eta Tim Robbins, beste izar askoren artean, bertan izan dira.
-
Femen taldearen protesta Berlinalen. Argazkia: EFE
Femen Ukrainako talde feministak protesta egin du bularrak erakutsita Berlinaleko inaugurazio ekitaldian. Wong Kar Wai zuzendari txinatarraren "The Grandmaster" pelikulak ireki du Berlingo zinemaldia.
Bularraldean ablazioaren aurkako esaldiak zituzten idatzita, eta emakumeek jasaten dituzten beste diskriminazio mota batzuen aurkakoak, eta segurtasun zerbitzuek amaiarazi eta airean eraman dituzte. Berlinaleren inaugurazio ekitaldiaren aurretik izan da ekimen hori, eta lau emakumek egin dute: ohikoa duten bezala, gerritik gora arropa kenduta egin dute protesta.
Berlinen bulego bat irekitzear daude Femen taldekoak, eta jaialdian egin duten protesta Alemaniako hiriburuan egingo dituzten ekintzetako lehena izan da. Gertaera hori gorabehera, Berlinaleko hasiera ekitaldia normaltasun osoz egin dute, eta Jane Fonda, Veronica Ferres eta Tim Robbins (epaimahaikideetako bat) izan dira bertan. Bruce Lee kung-fu artearen maisuari egindako omenaldia da "The Grandmaster", eta Wong Kar Wai epaimahaiko presidente eta zinemagile txinatarrak zuzendu du. Lehiaketatik kanpo da ikusgai Berlinalen.
Asiako zinemako bi izar dira lan horretako protagonistak: Tony Leung (zuzendariak berak egin zuen "In the Mood for love" laneko protagonista) eta Zhang Ziyi ("Tiger & Dragon" eta "The Geisha" pelikuletako protagonistak). Wongen kung-fuaren ostean, Hartza irabazteko lehian dauden 19 lanak izango dira ikusgai; Jafar Panahi zuzendari irandarrarena, Steven Soderbergh estatubatuarrarena eta Gus Van Santena (AEB), besteak beste. Sebastian Lelio gazte txiletarrak ere tokia du sail ofizialean.
Alfonbra gorriari dagokionez, hainbat izar espero dira, tartean Catherine Deneuve, Juliette Binoche eta Isabelle Hupert frantziarrak, eta Matt Damon, Jude Law, Nicolas Cage, Jeremy Irons, Shia LaBeouf aktore-abeslaria eta Ethan Hawke, Julie Delpy emaztearekin batera. Isabella Rossellini ere izango da (Urrezko Kamera jasoko du), eta Anika Ekberg Talentuen Campusean irakasle lanetan arituko da. Sharon Stonek, bere aldetik, "Cineme for Peace" ekitaldian parte hartuko du.