Itxi

Zinema

Estreinaldiak

Magia eta zuzendari berriak, asteko estreinaldietan

Besteak beste, 'Hansel y Gretel: Cazadores de Brujas', 'Hermosas criaturas', 'Weekend' eta 'Una historia real' pelikulak helduko zaizkigu.

1:12

Publiko gazteena eta zorrotzena asetzeko moduko estreinaldiak helduko dira asteburu honetan. "Hansel y Gretel: Cazadores de Brujas" filmarekin gore fantasiaz beteko dira aretoak; "Una historia real", Danimarkako Historiari buruzko lana ere ikusi ahalko da, baita "Weekend" eta "Aquí y allá", zuzendari hasiberri eta saridunen eskutik.

Jesus Egigurenen oroitzapenak batu dituen "Memorias de un conspirador" dokumentala zinema-aretoetara helduko da. Angel Amigok zuzendutako lan horretan Egigurenek ETAren eta Gobernuaren arteko elkarrizketen alde ezkutua azaldu du. 2011n, ETAk iragarri zuen su etenaren aurrekariak ezagutzeko gida aproposa.

Hansel eta Gretel anai-arrebek sorginaren sabeletik ihes egin zuten, baina ez hori bakarrik: nagusi egin eta sorgin ehiztari odoltsuak izatera pasatu dira. Tommy Wirkolak Grimm anaien ipuin klasikoari buelta ematen dio "Hansel y Gretel: Cazadores de brujas" pelikulan. Jeremy Renner eta Gemma Arterton dira anai-arreba horien paperean jartzeko aukeratu dituzten aktoreak.

Gazte literatura ukitu fantastiko eta erromantikoko hainbat lan sortzeko gai da, eta, "Twilight" fenomenotik haratago ere, pantaila handira heltzen ari dira. "Hermosas criaturas" best seller-aren kasua da hori: Gatlin Hego Carolinako bizimodu aspergarria biztanle bitxi batzuei esker aldatuko da.

Hollywoodeko ekoizpen handien tamainako pelikula historiko bat ere heldu da zinema-aretoetara, Nikolaj Arcel zinemagile danimarkarraren eskutik: "Un asunto real" Danimarkako gortean XVIII. mendean gertatutako amodio istorioan oinarritzen da, eta atzerriko film onenaren Oscar saria jasotzeko hautagai izan da. Danimarkar, suediar eta txekiar ekoizleek egindako lanean, Mads Mikkelsen, Alicia Vidander eta Mikkel Boe Folsgaard dira protagonistak.

Gurasoak bidaia batera joaten direnean, aitona eta amona sartzen dira jokoan, eta figura hori ez da askotan zinema-aretoetara eraman. Andy Fickmanek omenaldia egiten die "Abuelos al poder" pelikulan, familia guztiaren gozamenerako egindako pelikulan, Billy Cristal protagonista dela. Bera eta Bette Midler, aitona-amonak, ilobak zaintzen egon behar dira, gurasoak, Marisa Tomei eta Tom Everett Escott, lan-bidaia batean dauden bitartean. Aitona-amonen bizitza goitik behera aldatuko du esperientzia honek.

Antonio Mendez Esparza film laburren egileak bere lehen film luzea aurkezten digu: "Aquí y allá". Mexikon grabatu du herrialde horretatik Estatu Batuetara joaten diren etorkinei buruzko lana da. Pedroren istorioa da: hainbat urtez mugaren bestaldean lanean aritu ostean, Mexikora bueltatu da senideekin batzeko, baina nagusi eta hotz nabaritzen ditu. Esperantzei, memoriei eta galerei buruzko pelikula da, atzean uzten dugunari buruzkoa. Aktore amateurrekin egin du lan Esparzak, eta, Donostiako Zinemaldian eta Canneseko Kritikaren Astean sariak jaso ostean, mundu osoko jaialdietan parte hartu du.

Antonio Trashorras "El espinazo del diablo" pelikulako gidoilariak lehen film luzea aurkeztu digu: "El callejon". Ana de Armas du protagonista thriller psikologiko horrek, eta duela bi urte Donostiako, Sitgeseko eta Malagako jaialdietan izan ostean heldu da zinema-aretoetara. Bogotan eta Benidormen filmatu dute, eta Alacanteko kostaldeko hirian gertatzen da. Garbitoki batean gauez harrapatuta gelditu da neska gazte bat, eta hiltzaile batek eraso egingo dio. Diego Cadavid kolonbiarrak eta Leonor Varela txiletarrak ere parte hartu dute.

Andrew Haigh egile britainiarra ere lehen film luzearekin datorkigu. "Weekend" bi gazte homosexualen arteko istorioa da: sexuarekin hasten da, dantzaleku batean, baina orduak aurrera joan ahala erlazio berezi eta sakon bihurtuko da harremana, eta asteburu hori beren bizitzako biziena bihurtuko du horrek.