Zinema
Estreinaldiak
Almodóvar eta 'Los amantes pasajeros' pantaila handira heldu dira
Pelikula hauek ere estreinatuko dira: 'Oz: un mundo de fantasía' (Mila Kunis, Michelle Williams eta Rachel Weisz), 'Las flores de la guerra' eta Jennifer Lopezen itzulera.
Pedro Almodovar Gaztela-Mantxako zinemagileak asteko zinema-estreinaldi interesgarriena dakarkigu Los amantes pasajeros lanarekin. Gainera, Oz: Un mundo de fantasía, Las flores de la guerra drama belikoa eta Jennifer Lopezen itzulera estreinatzen dituzte.
Pedro Almodovar (Volver) komediara itzuli da Los amantes pasajeros lanean. Mexiko Hirira doan hegazkin batean, hainbat laguntzaile eta bidaiari bildu ditu: Javier Cámara, Lola Dueñas, Raúl Arévalo, Blanca Suárez eta Miguel Ángel Silvestre aktoreak, besteak beste. Hainbat istorio dibertigarri nahasiko dira bertan: hegazkinak eztanda egingo duela uste duen igarle bat eta hegazkin-laguntzaile maneratsu bat, tartean. Guztiak, Pedro Almodovarren zuzendaritzapean.
Mila Kunis, Michelle Williams eta Rachel Weisz sorgin bihurtu dituzte Ozeko aztia pelikularen prekuelan, Oz: un mundo de fantasia lanean. Azti ezagunaren jatorria azaltzen saiatuko dira, James Francoren laguntzarekin. Makal dabilen zirkuko azti bat, Oscar Diggs, Ozera helduko da: arrakasta handia izango du, baina hiru sorgin azaldu eta arrakastarako bidea oztopatzen saiatuko dira.
Christian Bale aktoreak Las flores de la guerra pelikulan parte hartu du. Zhang Yimouk (La linterna roja) zuzendu eta ehorzle bat du protagonista, 1937ko abenduaren 13an Japoniako Armada Nankinen sartzen eta 300.000 txinatar (gehienak zibilak) hiltzen ikusi zuen ehorzlea, hain zuzen.
Parker filma Donald E. Westlaken izen bereko eleberrian oinarrituta dago, eta Jennifer Lopez abeslaria pantaila handira bueltatzea lortu du. Lapur batekin azken kolpe handia emateko bat egin duen emakume baten istorioa da.
Umorea, dantza eta abestiak dira Dando la nota pelikulako protagonistak. Jason Mooreren (Dawson's Creek) lehen filma da, eta, besteak beste, Anna Kendrick (Up on the Air), Skylar Astin, Anna Camp eta Brittany Snow ditu protagonista.
Canneseko zinemaldian arrakasta handia lortu ostean, En la niebla gurera heldu da jada. Sergei Loznitsa ukrainarrak zuzendu du, eta Bigarren Mundu Gerran girotuta dago. Vladimir Svirskiy eta Vladislav Abashin dira protagonistak.