Itxi

Zinema

Azken agurra

Agur sentitua eman diote senitartekoek eta lagunek Marivi Bilbaori

Aktore ezagunaren jarraitzaileak eta hainbat herritar ere izan dira hil-kaperan, eta pasadizo alaiekin gogoratu dute aktore ezaguna. Hilkutxa gainean, pizgailu bat eta tabako pakete bat jarri dute.

1:15

Interpretazioaren munduko lagunak Bilbon bildu dira ostegun honetan, Marivi Bilbao aktoreari azken agurra emateko. Atzo hil zen aktore ezaguna, Bizkaiko hiriburuan, eta, arratsaldean zehar, senitartekoak, lagunak eta herritar anonimoak bildu dira Bilboko udaletxe alboan dagoen beilatokian ireki duten hil-kaperan, Marivi Bilbaori azken agurra emateko. Han, telebista pantaila batean, aktore ezaguna gogoratu dute, bere irudiekin, eta, hilkutxa gainean, pizgailu bat eta tabako pakete bat jarri dute.

Hil-kapera arratsalde osoan zehar egon da zabalik, eta, 18:30ean agur-ekitaldi berezia egin dute senitartekoek eta lagunek, aktore ezagunaren pasadizo alaiak gogoratuz.

Esparru guztietatik jasotzen ari diren babesa eskertu nahi izan du Elvira Urquijo Bilbao aktorearen alabak, baita sare sozialen bitartez jasotako elkartasuna ere. Jendearen erantzuna ''ikaragarria'' dela adierazi du, eta bere ama ''harro'' egongo litzatekeela uste du alabak. Marivi Bilbaoren heriotza ''agurra baino gero arte bat'' dela gaineratu du Elvirak.

Juanek, Elvirarekin senarrak, aktoreak gustuko zituen bi abesti jo ditu gitarra-jotzaile batekin: Victor Jararen "Te recuerdo Amanda" eta Tomas Mendezen "Cucurrucucu paloma".

Ondoren, Borja Cobeaga (Pagafantas eta No controles) zinema zuzendariak ere hitz egin du. Besteak beste, Eramos pocos film laburrean zuzendu zuen Cobeagak Marivi, eta zuzendari donostiarrak gogoratu duenez, ''film laburren erreginatzat zuen aktoreak bere burua, eta arrazoiaz, gainera''.

Cristina Ugarte Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hezkuntza sailburuak aktorearen ibilbidea eta lana goraipatu ditu, eta ''irribarre asko'' piztu zituela azpimarratu du. ''Horrekin geratu behar dugu'', esan du. ''Gu gaur pozik egotea nahiko luke berak, eta, nonbaitera zerbait hartzera joatea'', esan du gaineratu du sailburuak.

Besteak beste, Aitor Mazo, Alex Angulo, Mario Pardo, Mertxe Luzuriaga (''Cámera Café''), Loli Astoreka eta Gurutze Beitia aktoreak izan dira hil-kaperan, eta baita ETBko ''Goenkale'' eta ''Vaya Semanita'' saietako aktoreak ere. Maribi Bilbaori azken agurra ematen Jose Antonio Nielfa "La Otxoa" eta Amaia Uranga (Mocedades eta El Consorcio) musikariak ere izan dira.

Halaber, Marivi Bilbaoren eta telebistan hain ezagun egin zuten "La que se avecina" eta  "Aquí no hay quien viva" telesailetako ehun bat jarraitzaile ere hil-kaperan izan dira.

Publikoak asko maite zuen

Marivi Bilbao atzo hil zen, "berez, familiak inguratuta", haren bozeramaileak jakinarazi zuenez.

Publikoak asko maite zuen aktore ezaguna, eta Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria izan zen 2006an. 1930an jaio zen, Bilbon, eta oso ezaguna egin zen "La que se avecina" Telecincoko telesailean Izaskun Sagastumerena egiteagatik. Aurretik, 2003 eta 2006 bitartean, "Aquí no hay quien viva" telesailean izan zen, Antena 3en.

Iragan udan, aktoreak erretiroa hartu zuen. Hala, duela hilabete batzuk, 'La que se avecina' telesaila uztea erabaki zuen, "nekatuta" zegoelako eta "ordutegiengatik, ez gaixotasun bategatik", bozeramailearen hitzetan.

Besteak beste, film hauetan parte hartu du: 'Maktub' (Paco Arango, 2011), 'No controles' (Borja Cobeaga, 2010), 'Carmen' (Vicente Aranda, 2003), 'Marujas asesinas' (Javier Rebollo, 2001), 'Malena es un nombre de tango' (Gerardo Herrero, 1996) eta 'Salto al vacío' (Daniel Calparsoro, 1995). Azken zuzendari horrekin, hainbat film gehiagotan lan egin zuen.

Hainbat aldiz omendu zuten, ibilbide profesionalagatik: Euskal Aktoreen Elkarteak "El abrazo" saria eman zion 1996an, eta El Mundo egunkariak Séller sariaren 5. edizioa eman zion 1997an.