Itxi

Zinema

Biografia

'Fumando espero...': Sara Montielen biografia

María Antonia Abad Fernández, Sara Montiel, Espainiako zinemako lehen izar handia izan zen, 50eko hamarkadan.

Albisteak (1)

Sara Montiel aktore eta abeslaria 85 urte zituela hil da, Madrilgo bere etxean. Nazioarte mailan aktore eta abeslari oso ezaguna izan zen, Hollywoodek Espainiako zinema-industria ezagutu baino askoz aurretik.

Maria Antonia Abad Fernandez (hala deitzen zen Sara Montiel) Mantxan jaio zen, Campo de Criptana herrian (Ciudad Real). Espainiako zinemaren lehen izar handia izan zen, sentsualitatearen eta kuplearen ikonoa. 50 pelikula eta 30 disko inguru egin zituen. Emakume oso ederra zen, eta "mantxar unibertsala" deitu zuten. Horrela, munduko zinema-enpresa garrantzitsuenarekin lan egin zuen 50eko hamarkadan, eta Gary Cooper eta Burt Lancaster aktoreekin lan egin zuen "Veracruz" pelikulan.

"El último cuplé" (1957) izan zen Espainiako zineman lortu zuen arrakastarik handiena, eta, estreinaldiaren 50. Urteurrenean, Miamin omenaldia egin zioten. Mito erotikotzat hartu zuten eta, zigarro puru baten keak lagunduta, kantu erakargarriak abestu zituen: "Fumando espero", "Bésame mucho", "La violetera" eta "Amado mío". AEBetako zinema-industrian Warner Brosekin eta United Artistsekin kontratu bikainak lortu zituen, eta pantaila handian Cooper, Lancaster eta Charles Bronson aktoreak maitemindu zituen.

Zinema Akademiak Urrezko Domina eman zion, 1997an. Gainera, Hollywoodeko Urrezko Arranoa (hispanoen Oscar sariak) eman zioten, 1986an, eta Frantziako Arte eta Letren Ordena (1982), besteak beste.

Lau senar izan zituen. 1957an, Anthony Mann zuzendari estatubatuarrarekin ezkondu zen, eta 1961an banandu ziren. Bi urte geroago, ezkontza hori balio gabe gelditu zen, eta 1964an Jose Vicente Ramirez Olalla ekoizlearekin ezkondu zen eta 1979an Pepe Tous enpresariarekin. Sara Montielen beraren esanetan, bere "bizitzako amodioa" bizi izan zuen Tousekin (Thais eta Zeus seme-alabak Tousekin batera adoptatu zituen), baina 1992an hil egin zen. 1993an, Tony Hernandez 39 urteko kubatarrarekin ezkondu zen, eta 2003an banandu zen. Artistaren mireslea izan zen Hernandez, senarra baino lehen. Hainbat amodio "aitorrezin" jakinarazi ditu Sara Montielek, tartean bost hauek: Severo Ochoa Medizinaren Nobel sariduna, Leon Felipe poeta, Miguel Mihura dramagilea, Mario Camus zinemagilea eta Ernest Hemingway idazlea.