Zinema
Aurkezpena
Estreinaldiak eta generoaren izen handiak FANT 19n
Maiatzaren 3an hasiko da FANT jaialdiaren 19. edizioa eta Alfred Hitchcock zuzendari bikaina omenduko dute, 'Txoriak' lanaren 50. urteurrenean.
FANT jaialdiaren 19. edizioaren egitarauan diren zortzi film luze, horietako hiru Estatu edo Europa mailako erabateko estreinaldiak eta 22 film labur izango dira. Gainera, Alfred Hitchcock maisu handiari omenaldi beroa egingo diote.
David Morley zinemagile frantziarrak "Home sweet home" film luzea aurkeztuko du Bilbon, Sail Ofizialeko lehiaketa barruan. Sail ofizial horretan, Gabriel Carrerren "In the house of flies" lanaren Europako estreinaldia eta Jorge Arenillasen "Otro verano" ere jasoko dira. Bi zinemagileak FANT 19n egongo dira. Lehiaketaren barruan ikusi ahal izango diren beste lanak "Antiviral", "Maniac", "After", "The seasoning house" eta "The king of pigs" izango dira.
Bilboko Zinemaldi Fantastikoa, FANT, maiatzaren 3an jarriko da martxan (Alondegiko Golem zine aretoetan, arratsaldeko 19:45ean), Park Chan – Wook zuzendariak Estatuan aurkeztuko duen "Stoker" lanaren aurre-estreinaldi garrantzitsuarekin.
FANT LABURREAN sailak 22 lan eskainiko ditu, horietatik hamar euskal zinegileek egindakoak, eta lan horiek Zinemaldiko epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak diren film laburrei emango zaizkien 3.000 euroko bi sariak jaso ahal izango dituzte. Horrez gain, Epaimahaiak, euskal laburmetraiarik hoberenari emango zaion 2.000 euroko saria aukeratuko du.
Zinemaldiak generoko klasikoak berreskuratuko ditu, Charles Laughtonen "La noche del cazador" lanaren emanaldiarekin eta Alfred Hitchcocken maisu lana den "Los pájaros" lana eskainiz, film horren 50. urteurrenean. Horrez gain, Rodney Ascherren "El Resplandor" lanaren esanahi ezkutuei buruz egin duen "Room 237" dokumentala ere aurkeztuko da.
Horrez gain, FANT 19k, duela denbora gutxi hil den Bigas Lunaren "Angustia" lan klasikoa berreskuratuko du eta low cost ekoizpen zinean zentratutako saio bikoitza programatu du, estatuan egindako bi lanekin: Carlos Bermuten "Diamond Flash" eta Norberto Ramosen "Summer Time".