Itxi

Zinema

Heriotza

Alfredo Landa hil da, 80 urte zituela

Erredakzioa

'Landismoaren' ikur eta adierazle nagusiaren gorpua ostiral honetan erraustuko dute, Colmenar Viejoko (Madril) beilatokian. Senitartekoek ez dute xehetasun gehiago eman nahi izan.

1:13

Alfredo Landa 'landismoaren' ikur eta adierazle nagusia hil da ostegun honetan, Madrilen. El bosque animado (1987) eta Los santos inocentes (1984) filmetako protagonista 80 urte zituela hil da, Zinema Akademiak jakitera eman duenez.

Landaren gorpua ostiral honetan erraustuko dute Colmenar Viejoko (Madril) beilatokian. Senitartekoek ez dute xehetasun gehiago eman nahi izan.

Halaber, Landaren adiskideek familiaren nahia errespetatu dute, eta ez dute zehaztu aktorea nola eta non hil den.

Alfredo Landa Iruñean jaio zen, 1933ko martxoaren 3an. 25 urte zituela, Zuzenbide ikasketak uztea erabaki zuen, nahiz eta familia horren aurka agertu. "Poltsikoan 7.000 pezeta eta gutun bat zeuzkala", Madrilera joan zen, aktore bihurtzeko.

Madrileko antzokietan, paper txikiak lortu zituen hasiera batean. Maria Guerrero antzokian Jose Maria Forque zuzendariaren arreta bereganatu zuen.

Horrela, Atraco a las tres (Jose Maria Forque, 1962) filmean debuta egin zuen Jose Luis Lopez Vazquez eta Gracita Morales aktore ezagunekin batera. Lan horrek zinemaren ateak ireki zizkion.

'Landismo'a

Aktorearen inguruan, komediaren azpigenero bat sortu zen, nahiz eta kritika gogorrak jaso. Frankismoaren amaieran eta Espainian turismoaren garaia hastearekin batera 'landismo'a jaio zen.

Pedro Lazaga eta Fernando Merino zuzendarien agintaritzapean 'landismo'ak garaiko gizartea ederki islatu zuen, frustrazio nazionalaren pertsonaiarenak eginez.

Nahiz eta komunikabideen kritika gogorrak jaso, aktoreak ez zion 'landismoari' uko egin eta azpigeneroari abizena ematearekin harro azaldu zen.

Cateto a babor, No desearás al vecino del quinto (Ramon Fernandez, 1970) edo Vente a Alemania, Pepe (Pedro Lazaga, 1971) garai horretako filmeak dira. Pelikula horietan, Florinda Chicorekin eta Jose Sacristanekin lan egin zuen.

Bira dramatikoa

15 urte komedian lan egin eta gero, Alfredo Landak paper dramatikoetan lan egiteko gaitasuna agerian utzi zuen El Puente filmean (Juan Antonio Bardem, 1976). Pelikula bere ibilbidean inflexio-puntua izan zen, nahiz eta komedia guztiz ez utzi.

Handik aurrera, kritikariek aktorea babestu zuen, eta film dramatikoetan lan egiteko eskaintza gehiago jaso zituen. Bide horretan, besteak beste, Los santos inocentes (Mario Camus, 1984) azpimarratu behar da: Paco Rabalekin batera, aktore onenaren saria jaso zuen Canneseko zinema jaialdian, film horri esker.

2004ko hasieran kolon minbizia diagnostikatu zioten medikuek, eta astebete geroago ebakuntza egin zioten Madrilgo Ramon y Cajal ospitalean.

Aktoreak ohorezko Goya saria jaso zuen 2007an. Luz de Domingo pelikula Jose Luis Garci zuzendariarekin grabatu eta gero erretiroa hartu zuen Landak. Garcirekin zazpi filmetan parte hartu zuen bi hamarkadatan.