Itxi

Zinema

Heriotza

Alfredo Landa eta 'landismoa': Genero bati izena eman zion aktorea

Erredakzioa

'El bosque animado' (1987) eta 'Los santos inocentes' (1984) pelikuletako protagonista ostegun honetan hil da, Madrilen, 80 urte zituela.

  • Alfredo Landa aktorearen biografia

    Alfredo Landa aktorea. EFE

Alfredo Landa 'landismo'aren ikurra ostegun honetan hil da, Madrilen, 80 urte zituela. El bosque animado (1987) eta Los santos inocentes (1984) filmetako protagonista izateaz gain, genero bati izena eman dion aktore bakarrenetakoa dugu Landa.

Alfredo Landa Iruñean jaio zen 1933ko martxoaren 3an, baina Donostian ikasi zuen Batxilergoa.

"Donostian antzezlan bat taularatu nuen, eta txaloekin hartu nindutenean distira bat ikusi nuen, goitik behera hartu ninduen tximista bat. Orduan, ahots batek zera esan zidan: Komikoa izan behar duzu. Oso sakon grabatu zitzaidan, eta beste ezer izateko gai izango ez nintzelako izan nintzen komiko'', azaldu zuen behin aktoreak.

Donostian, hainbat lagunekin batera, Unibertsitate Antzerkia sortu zuen, eta, besteak beste, Mihura, Jardiel Poncela eta Capote jorratu zituen.

1958an, 50 urte zituela, Zuzenbide ikasketak uztea erabaki zuen, nahiz eta familia horren aurka agertu. "7.000 pezeta poltsikoan eta gutun batekin" Madrilera joan zen, aktore izateko. Nacida ayer antzezlanarekin egin zuen debuta.

Madrilen, paper txikietan aritu zen areto ezberdinetan. Aktoreak berak aitortu zuenez, ''aurrera egin ahal izateko'' paperak ziren. ''Arrakasta lortzeko, lehenik eta behin lan egin behar da; eskarmentua funtsezkoa da'', azaldu duen aktoreak.

Antzoki horietako batean Jose Maria Forque zuzendariaren arreta bereganatu zuen, eta, hala, Atraco a las tres (Jose Maria Forque, 1962) pelikula ospetsuarekin egin zuen debuta zineman, Jose Luis Lopez Vazquez eta Gracita Morales aktore ezagunekin batera. Lan horrek zinemaren ateak ireki zizkion, eta, 120 film baino gehiago egin zituen Landak.

Genero berri baten sorrera

Frankismoaren amaieran, eta Espainian turismoaren garaia hastearekin batera, 'landismo'a jaio zen, aktorearen inguruan sortutako komediaren azpigeneroa. Pelikula mota horiek, baina, kritika gogorrak izan zituzten garai hartan.

Pedro Lazaga eta Fernando Merino zuzendarien agintaritzapean 'landismo'ak garaiko gizartea ederki islatu zuen, frustrazio nazionalaren pertsonaiarenak eginez.

Kritikak gora behera, aktoreak ez zion 'landismo'ari uko egin eta azpigeneroari abizena ematearekin harro azaldu zen beti.

Cateto a babor, No desearás al vecino del quinto (Ramon Fernandez, 1970) edo Vente a Alemania, Pepe (Pedro Lazaga, 1971) garai horretako filmak dira. Pelikula horietan Florinda Chicorekin eta Jose Sacristanekin lan egin zuen, besteak beste.

Paper dramatikoetan ere

15 urte komedian lan egin eta gero, Alfredo Landak paper dramatikoetan lan egiteko gaitasuna agerian utzi zuen El Puente pelikulan (Juan Antonio Bardem, 1976). Bere ibilbidean inflexio-puntua izan zen, nahiz eta komedia guztiz ez utzi.

Handik aurrera kritikak aktorea babestu zuen eta film dramatikoetan lan egiteko eskaintza gehiago jaso zituen, besteak beste, Los santos inocentes (Mario Camus, 1984) azpimarratu behar da. Paco Rabalekin batera aktore onenaren saria jaso zuen Canneseko zinema jaialdian.

Bere ibilbidean zehar, hainbat sari jaso zituen, tartean aktore onenaren bi Goya sari (El bosque animado eta La marrana lanekin), Kulturaren Viana Printzea Saria (2008) eta aktore onenaren lau aipamen (1980, 1982, 1995 eta 2008) zinema idazleen elkartearen eskutik. Halaber, Urrezko Danborra eman zioten 1985ean.

2004ko hasieran kolon minbizia diagnostikatu zioten medikuek. 2007an erretiroa hartu zuen aktoreak, eta urte hartan bertan eman zioten Ohorezko Goya saria.