Itxi

Zinema

Estreinaldiak

'Fast and Furious 6' filma, abiadura bizian zinemako pantailetara

Gainera, pelikula hauek estreinatu dituzte: "Galerna", "Dead Man Down", Collin Farrel protagonista duela, "La Estrella" Ingrid Rubioren azken lana eta "The Trip" umore ingelesa jorratzen duen lana.

1:23

Auto lasterketak eta adrenalina pantaila handira itzuli dira "Fast & Furious" sagaren seigarren pelikularekin. Gainera, "La estrella" drama espainiarra ere estreinatu dute, baita "The Trip" eta "En otro país" komediak eta "Dead Man Down" Colin Farrell protagonista duen filma ere.

"Galerna-Ekaitz ezezaguna" pelikula estreinatzen dute aste honetan. Duela mende bat, Matxitxako parean itsasoak 143 arrantzale irentsi zitueneko hondamendiaren dokumentala da. Jabi Elortegik zuzentzen du.

Autoak abiadura bizian eta akzioa barra-barra ditu "Fast & Furious 6" lanak, saga arrakastatsuaren azken filmak. Vin Diesel, Dwayne Johnson, Paul Walker eta Michelle Rodriguez aktoreek, besteak beste, gidari mertzenario talde baten aurka egin behar dute. Dom (Vin Diesel) eta Brian (Paul Walker) justiziatik alde eginda daude, eta Hobbsekin (Dwayne Johnson) bat egin dute, talde arriskutsu hori azpiratzeko eta, indultua lortuta, senideengana itzultzeko.

"Dead Man Down" (La venganza del hombre muerto) Colin Farrell aktorea protagonista duen thriller bat da. Dominic Cooper, Terrence Howard, Noomi Rapace eta Isabelle Huppert aktoreek parte hartu dute. Niels Arden Oplev zinemagile daniarrak Iparraldeko Europako genero iluneko atmosfera jaso du.

Miguel Angel Jimenez zuzendari madrildarra Georgiara bueltatu da bere bigarren filma egiteko, "Chaika". Arrantzale baten eta prostituta gazte baten arteko amodio istorio ederra da. Siberiara eta Kazajistanera bueltatu behar dira eta bertan "gizakien arteko edozein keinuk garrantzia du".

"En otro país" lanean, Hego Koreak Isabelle Huppert aktorea hartu du, zorretatik ihesi dagoen zinemagile gazte bat. Hong Sang-sook zuzendu du komedia hori: film labur baten gidoia idatziko du protagonistak.

Ingrid Rubio da "La Estrella" filmeko protagonista: Alberto Arandak Belén Carmonaren izen bereko eleberria bere egin du, eta jende apalaren arazo sozialetan murgildu da, musika, flamenkoa bereziki, lagun.

"Madres de Mayo" lanean, argentinar familia burges batean hazitako gazte batek bere benetako familiaren besoetatik kendu zutela deskubritu du, eta bere jatorrietara bueltatzeko asmoa azalduko du. Pablo Yotichek zuzendu du, eta erregimenak Hegoamerikako herrialdean utzi dituen zaurietan murgildu da. Filmatzen amaitu eta hiru urtera heldu da Espainiara.

Michael Winterbotton autoreko zinemaren egile garrantzitsuenetariko bat da: "Wonderland" pelikulako zuzendari izan zen, besteak beste. Orain, "The Observer" egunkariak Ingalaterrako jatetxe onenak aukeratzeko izendatu dituen bi lagun bitxiren istorioa ekarri du pantaila handira: kritika gastronomikoak eta umore ingelesak bat egiten dute "road movie" horretan.

Frank Langella aktore beteranoa liburuzale zahar eta bakarti baten paperean sartu da "Un amigo para Frank" lanean. Etorkizun hurbilean girotuta, zaintzen duen robotaren lagun egingo da gizon hori. Jack Schreierrek zuzendu du.