Itxi

Zinema

Heriotza

Elias Querejeta zinema ekoizle hernaniarra hil da

Erredakzioa

Goizeko seietan hil da, Madrilen, 78 urteko produktorea.

2:17
Elías Querejeta.

Elias Querejeta (78 urte) zinemagile eta produktore hernaniarra hil da igande honetan Madrilen, Espainiako Produktoreen Federazioko presidenteak Twitter bidez jakinarazi duenez.

Antza denez, 06:00ak inguruan hil da Madrilen, eta haren gorpua La Pazeko beilatokira eramango dute 13:00etan.

Gidoilari eta dokumentalgile gisa ere lan egin du, baina, batez ere, produktore gisa nabarmendu izan da. 1963an ekoiztetxe bat sortu zuen, eta 50 film baino gehiago egin ditu. Horietako askok, gainera, Berlin, Cannes eta Donostiako zinemaldietako sari nagusiak jaso dituzte.

Victor Erice, Fernando Leon de Aranoa, Carlos Saura eta beste hainbat zinema zuzendarirekin lan egin zuen.

1998an Espainiako Zinematografia Saria eman zioten. Bestalde, Donostiako Zinemaldian Zinemira saria jaso zuen 2011n.

Erreakzioak

Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Joxan Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak Elias Querejetaren heriotza izan du hizpide. Horren ustez, "erreferentea" eta "akuilua" izan da euskal zineman. Azaldu duenez, Jaurlaritzak ohar bat kaleratuko du senitartekoei doluminak adierazteko.

Halaber, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak zinemagile hernaniarraren heriotzaren aurrean bere samina erakutsi du. "Euskal eta espainiar zinemarentzat erreferentziazkoa, haren lanak zinemaren beraren ibilbidea eta zuzendari eta aktore askorena markatu du", azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez.

Begoña del Teso zinema kritikariak ere gogoan izan du zinemagile hernaniarra. Elias Querejetak zinema mota berri bat sortu, bultzatu eta bermatu zuen, Del Tesoren arabera. "Azkarra bezain zuhurra zen", gaineratu du.

Joxean Fernandez Euskal Filmategiko zuzendariaren iritziz, "zinema espainiarrean XX. mendeko ekoizlerik garrantzitsuena galdu dugu".

ETB-2ko "La noche de" saioko Felix Linares zuzendariaren esanetan, 55 film ekoitzi zituen eta "ia denak dira ezinbestekoak".

Diego Galan Donostiako Zinemaldiko zuzendari ohiaren iritziz, "Espainiako zinema irauli egin zuen". "Harekiko harremana zaila zen gizon zorrotza zelako, baina ahaleginak merezi zuen haren filmak apartekoak zirelako", gaineratu du.