Zinema
Urteurrena
'Kleopatra' filmak 50 urte bete ditu
Erredakzioa
Pelikulak 20th Century Fox porrot egiteko arriskuan utzi zuen arren, lau Oscar irabazi zituen eta Elizabeth Taylorren eta Richard Burtonen benetako amodio istorioaren agertoki izan zen.
-
Elizabeth Taylor eta Richard Burton, 'Kleopatra' filman. Argazkia: 20th Century Fox
Kleopatra pelikula AEBetako zinema aretoetan estreinatu zutenetik, mende erdia beteko da ekainaren 12an. Pelikula Elizabeth Taylorren eta Richard Burtonen amodio istorioaren agerlekua izan zen.
Filmak lau Oscar sari irabazi zituen (zuzendaritza artistikoa, argazkigintza, jantzien diseinua eta efektuak) eta beste bosterako hautagaitza lortu zuen (aktore, editatze, soinu banda, soinu eta pelikula onenarenak). Proiektuak 44 milioi dolarreko aurrekontua izan zuen, gaur egungo 330 milioi dolarren (250 milioi euro inguru) baliokidea.
Azkenean 71 miloi dolarreko diru-sarrerak izan zituen arren, Fox porrotera eramateko zorian izan zen. Taylorrekin sinatutako kontratua Hollywoodeko izar batek milioi bat euroren truke sinatu zuen lehena izan zen.
Filmatzeak bi urte eta erdi iraun zuen. Mankiewiczen lehen bertsioak sei orduko iraupena zuen, eta, zinemagileak bi zati, Caesar and Cleopatra eta Antony and Cleopatra, egitea eskatu zuen arren, estudioak 192 minutura laburtzeko agindu zuen.
Foxek ez zuen hitzartutakoa bete, eta bi protagonisten benetako amodio istorioak publikoan sortzen zuen jakin-mina aprobetxatzea erabaki zuen. Harreman horrek Taylorren eta Burtonen dibortzioak eragin zituen, eta, gaur egun, protagonistak jantzi zituen Bulgari etxearen bitxiak bezainbeste gogoratzen da istorio hori.
Taylorrek 65 soineko jantzi zituen. Horien artean, Kleopatra Erromara iristean den unerako jantzi zuena nabarmendu daiteke; izan ere, 24 kilateko piezak zituen. Aktorearen soinekoetan 200.000 dolar gastatu zituzten.
Taylor eta Burton bi aldiz ezkondu eta banandu ziren. Lehenengoz, 1964tik 1974ra izan ziren senar-emazteak. Handik urtebetera, berriz ezkondu ziren, eta 1976 banandu egin ziren ostera ere.
Bost hamarkada bete dira filma estreinatu zutenetik eta, orain, Angelina Joliek Taylorren lekukoa hartu nahi du, baina, oraingoz, Sony Pictures etxeak duen proiektuari ezetz esan diote, besteak beste, James Cameron, Paul Greengrass, David Fincher eta Ang Lee zuzendariek.