Itxi

Zinema

Sarrerak

Donostiako Zinemaldirako sarreren salmentak errekorra hautsi zuen

Erredakzioa

Goizeko 09:00etan ireki zituzten Kursaaleko txarteldegiak eta 55.800 sarrera saldu zituzten. Sarrerak saltzeko sistema kolapsatuta egon zen ordu erdiz.

1:21

Donostiako Zinemaldirako sarreren salmentak errekorra hautsi zuen atzo. Goizeko 09:00etan ireki zituzten Kursaaleko txarteldegiak eta 55.800 sarrera saldu zituzten. Sarrerak saltzeko sistema kolapsatuta egon zen ordu erdiz.

Hugh Jackmani Donostia saria emateko egingo den ekiltadirako sarrerak agortuta daude dagoeneko baita "Asier eta Biok" edota "La vie d'Adelle" filmetakoak ere. Aurresalmentan agortu ziren "Gravity", "The Zero Theorem" eta "The Face of Love" filmeenak ere.

Oraindik ere Inaugurazio galakoak, Amaierakoak eta Carmen Maurak ("Las Brujas de Zugarramurdi") Donostia saria jasoko duen galakoak eros daitezke.

Sarrera gehienak hainbat ordu zain eman zituzten zinema zaleek erosi zituzten.

Halere, hainbat sesiorako sarrerak Interneten eskuratu daitezke, Zinemaldi Plazako leihatiletan (Kursaal jauregiko beheko solairuan), Kursaal Zentroko leihatiletan (Sail Ofizialeko abonamenduak eta 10 sarreratik beherako erosketak), Victoria Eugenia Antzokian, Antzoki Zaharrean, Príncipe zinema-aretoan (hilaren 20tik aurrera) eta Trueba eta Antiguo Berri zinema-aretoaetan (hilaren 21etik aurrera).

Antonio Elorza Belodromoko sarrerak Anoetako Estadioko 23. leihatilan ere izango dira salgai, saioak hasi baino bi ordu lehenago.

Saio bakoitzeko gehienez 4 sarrera erosi ahalko ditu pertsona bakoitzak. 7,20 euro balio duten saioetarako 10 sarrera baino gehiago erostean %25eko deskontua egingo da salmenta-kanal guztietan eta leihatilatan.

Bestalde, Kutxabanken Gazte Txartela dutenek (Gaztekutxa, Visa K26 eta Vital Gazte) %50eko deskontua izango dute sarrera bakoitzean, K1-eko galatan eta Antonio Elorza Belodromoko saioetan izan ezik. Gainera, 1,00 € bakarrik ordainduko dute euskarazko azpitituluak dituzten filmetan.

Urrezko Txartela, Kutxa-Donostia Kultura eta Gazte Txartela dutenek % 10eko deskontua izango dute 7,20 € balio duten saioetan. Deskontua egiteko Zinemaldiko leihatiletan, Kursaalen eta Victoria Eugenian erosi beharko dituzte sarrerak. Txartel guzti horiek baliagarriak izango dira Internet bidezko erosketetan, Gazte Txartela izan ezik; azken hori leihatiletan baino ezingo da erabili.

Kursaaleko Sail Ofizialerako gutxieneko eserleku kopurua gordeko da arratsaldeko eta gaueko saioetarako, emanaldiaren egun bereko 17:00etatik aurrera Kursaal Zentroko leihatiletan.

Donostia Zinemaldiko antolatzaileek gogoratu dutenez, jaialdiak ez ditu eserlekuak zenbakitzen.

1.000 sarrera, donostiar langabeentzat

Donostiako Udalak Sail Ofizialeko pelikulak ikusi ahal izateko 1.000 sarrera jarriko ditu langabeen eskura. Txartelak datorren astean hartu ahal izango dira, hilaren 17tik 20ra. 09:00etatik 11:00etara banatuko dituzte, udaletxean bertan, Udalinforen bulegoetan.

Duela bi urte abiatu zen ekimen hau, eta harrera ona egin diote herritarrek: iaz, bi egunetan agortu ziren eskuragarri jarri zituzten 800 sarrerak. Aurten, 1.000 banatuko dituzte.

Aurrekoetan bezala, 18 urtetik gorakoa donostiarrentzat da eskaintza, eta horiek langabe txartela erakutsi beharko dute. Etxeko, hiru pelikulatarako bina sarrera hartu ahalko dira; hau da, sei sarrera guztira, lanik ez duen pertsona bakoitzeko.