Itxi

Zinema

Estreinaldiak

'Prisioneros', 'Caníbal' eta 'El Mayordomo', zinema-aretoetan

Erredakzioa

Sofia Coppolak ere lana estreinatuko du, asteburu honetan. Bizitza errealean oinarrituta, The Bling Ring filmak Hollywoodeko zenbait aktoreri lapurreta egin zieten gazte batzuen istorioa kontatzen du.

1:21

Hugh Jackman eta Jake Gyllenhaal aktoreen Prisioneros pelikula, El Mayordomo estatubatuarra eta Caníbal espainiarra dira aste honetako estreinaldi garrantzitsuenak.

Prisioneros

Prisioneros filmak Keller Doverren istorioa kontatzen du. Sei urteko alaba deskuidu batean galdu ondoren, haren bila abiatuko da, etsi-etsian.

Hugh Jackman, Jake Gyllenhaal, Viola Davis eta Maria Bello aktoreek parte hartu dute Denis Villeneuvek zuzendu duen pelikulan.

El mayordomo

El mayordomo filmak Cecil Gaines (Forest Whitaker) arrazakeria pairatu ostean Etxe Zuriko zerbitzaria izatera heldu zuen gaztearen istorioa kontatzen du. Lanpostu horri esker, historiaren eta erakundearen funtzionamenduaren lekuko izateko aukera izan zuen, bost presidenteren agintaldian (1952-1986).

Lee Danielsek zuzendu eta Danny Strongen gidoia duen lan hori bizitza errealean oinarrituta dago, eta, besteak beste, Forest Whitaker, Oprah Winfrey, John Cusack, Jane Fonda eta Cuba Gooding Jr. aktoreak aritu dira bertan.

Caníbal

Manuel Martin Cuenca zuzendariak gidatutako lan honetan, Antonio de la Torre, Olimpia Melinte, Maria Alfonsa Rosso, Joaquin Nuñez eta Gregory Brossard aktoreek parte hartu dute. Pelikula espainiar honek Donostiako Zinemaldiko argazkigintza onenaren saria jaso zuen, irailean.

Filmak Carlosen istorioa kontatzen du. Protagonista Granadako jostun ospetsuenetako bat da, baina, horrez gain, emakumeak jatea du gustuko. Carlosen bizitza goitik behera aldatuko da Nina, ahizparen bila dabilen emakume errumaniar bat, ezagutzen duenean.

Pie de página

Pie de página Joseph Cedarrek zuzendutako komedia ironikoak gidoi onenaren saria jaso zuen Canneseko zinemaldian, eta atzerriko film onenaren Oscar saria jasotzeko hautagai izendatu dute. Shlomo Bar-Aba eta Lior Ashkenazi ditu protagonista.

El médico alemán

60ko hamarkadako Patagonian girotutako istorio bat kontatzen du. Mediku aleman bat iritsitakoan, desertutik bidaia egingo duen familia batekin elkartuko da. Bidaian bere identitatea ezkutuan gordetzen saiatu arren, ostatu batera iritsitakoan, historiako hiltzailerik handienetakoa dela jakingo dute ostatuko jabeek.

Lucia Puenzo zuzendariaren pelikula honetan, besteak beste, Natalia Oreiro, Alex Brendemühl, Diego Peretti, Elena Roger eta Guillermo Pfening aktoreak aritu dira.

The Bling Ring

Sofia Coppolak ere lana estreinatuko du, asteburu honetan. Benetako gertaera batean oinarritutako film honetan, Hollywoodeko zenbait aktoreri lapurreta egin zieten gazte batzuen istorioa kontatzen da.

Israel Broussard, Katie Chang, Emma Watson, Leslie Mann eta Taissa Farmiga aktoreek egin dute lan pelikula estatubatuar honetan.

Metallica: through the never

Metallica: through the never lanak bandak Kanadatik egindako birako irudiak eta taldearen teknikari bati eskatzen dioten premiazko misio batenak nahasten ditu.

3D teknologiarekin egindako zinta Nimrod Antalek zuzendu du eta Dane Dehaan du protagonista.

Mujer conejo

Estatuko funtzionario bat, Ana, Argentinako Polizia mafia txinatarrak kontrolatzen duela publikoki salatzen saiatuko da, baina horrek bere bizitza arriskuan jarriko du, eta genetikoki aldatu dituzten untxi haragijaleak dauden lurralde batera ihes egin beharko du. Bertan topatuko duenak mafia suntsitu ahalko luke, bizirautea lortzen badu...

Zinemaldian lehiatu zen pelikula hau Veronica Chenek zuzendu du, eta Haien Qiu eta Luciano Caceres aktoreak ditu protagonista.