Zinema
55. edizioa
Zinebik Diaz Yanes eta Gutierrez Aragon zinemagileak omenduko ditu
Erredakzioa
67 filmek hartuko dute parte Sekzio Ofizialean, hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez: fikzioa, dokumentala eta animazioa.
-
Zinebiren 55. edizioko kartela.
Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazioarteko Zinemaldiak (Zinebi) azaroaren 15ean zabalduko ditu bere 55. edizioaren ateak, Bilboko Arriaga Antzokian. Hasiera ekitaldian, Sekzio Ofizialaren barruan lehiaketara aurkezten diren euskal film laburrak eskainiko dituzte eta Zinemaldiko Ohorezko Mikeldietako bat jasoko duen Agustín Diaz Yanes zinegile madrildarrari omenaldia egingo diote.
Halaber, edizio honetako Ohorezko bigarren Mikeldia amaiera ekitaldian (azaroaren 22an) emango zaio Manuel Gutierrez Aragon zinemagile kantabriarrari.
67 filmek hartuko dute parte Sekzio Ofizialean, hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez: fikzioa, dokumentala eta animazioa. Lehiaketarako aukeratu diren filmak 28 herrialdetatik etorri dira, eta 90 herrialdetatik Zinebira bidalitako 3.367 lanen artean aukeratu dira. Lehiaketan parte hartuko duten 67 lanen artean 19 film Estatuan ekoiztutakoak dira, eta horietako 8 euskal zinegileek egindakoak dira. Lan horiek Nazioarteko Lehiaketaren barruan egongo dira, Euskal Zinemaren atalean, eta Inaugurazio ekitaldian eskainiko dira.
Hauek dira lan horiek: Borja Cobeagaren Democracia (fikzioa), Aritz Morenoren Cólera (fikzioa), Jesus Pueyoren Sonic Trash (fikzioa), Miguel Angel Refoyoren 3665 (fikzioa), Kepa Sojoren Loco con ballesta (fikzioa), Asier Altunaren Zela Trovke (dokumentala), Izibene Oñederraren Hotzanak, for Your Own Safety (animazioa) eta Alberto Vazquezen Sangre de unicornio (animazioa).
Zinema espainiarraren atalean, aipatutakoez gain, honako hauek ere hartuko dute parte: Manuel Arijaren No Kissing (fikzioa), Eugenio Canevariren Gorila baila (fikzioa), Eduardo Cardosoren El paraguas de colores (fikzioa), Aitor Iturrizaren eta Bernat Gualen Una hora, un paso (fikzioa), Andrea Jaurrietaren Los años dirán (fikzioa), Vicente Villanuevaren Meeting with Sarah Jessica (fikzioa), Gerardo Carrerasen Souvenir (dokumentala), Luis E. Paresen Mi ideología, variaciones sobre un concepto (dokumentala), Maialen Sarasuaren Donde nunca pasa nada (dokumentala), Vuk Jevremovicen La isla de los muertos (animazioa), eta Coke Riobooren El ruido del mundo (animazioa).
Aukeratutako 67 filmen generoei dagokienez, 39 fikziozkoak dira (% 58,20), 12 dokumentalak (% 17,91) eta 16 animaziozkoak (% 23,88). Banaketa geografikoari dagokionez, Euskadiko eta Espainiako filmez gain, azpimarratzekoak dira, partaidetza dela eta, Belgika (5), Alemania (3), Frantzia (3), Polonia (3) eta Portugal (3). Euskadiko eta Espainiako zineak bezala, Sari Ofizialen artean sari berezia duen Hegoamerikako zineari dagokionez, azpimarratzekoak dira Argentinatik, Brasiletik, Txiletik, Kolonbiatik eta Kubatik etorritako filmak. Nazioarteko Lehiaketan, orain arte Zinebiren gutxi ikusi ditugun herrialdeek ere hartuko dute parte, Esloveniak, Etiopiak, Indiak, Japoniak eta Ukrainak, besteak beste. Horrek, sariketa beterano honen nazioarteko benetako izaera berresten du.
Datorren azaroaren 22an jakinaraziko den Zinebiren palmaresa honako sari hauek osatuko dute: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusiak, Euskal Zinearen Sari Nagusiak, Espainiar Zinearen Sari Nagusiak, Film Latinoamerikar Hoberenarentzako Mikeldiak, eta Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiek, fikzio, animazio eta dokumental kategorietan.
Horrez gain, jaialdiak beste lau sari ez ofizial izango ditu: Ikus-entzuleen Saria (EITBk emandakoa), SGAEk eta Euskadiko Gidoilarien Elkarteak Euskadiko gidoirik hoberenari ematen dioten Saria, FAS Zine Klubaren Saria eta Azkue Fundazioak Euskaraz egindako Filmarik Hoberenarentzako ematen duen Saria.