Zinema
55. edizioa
'El futuro' Luis Lopez Carrascoren lehen film luzea eskaini du Zinebik
Erredakzioa
1982an Felipe Gonzalezek hauteskundeak irabazi zituen gauean ospatutako festa batean girotu dute.
-
Luis Lopez Carrasco zinemagilea. Argazkia: Zinebi
Bilboko Zinebi jaialdiak El futuro (2013), Luis Lopez Carrascok bakarrean zuzendutako lehenengo film luzea, proiektatu du. Lopez Carrasco, Colectivo Los Hijos taldeko kidea da, Javier Fernandez Vazquezekin eta Natalia Marin Sanchorekin batera.
El futuro (2013), Luis Lopez Carrascok bakarka zuzendu duen lehenengo filma, 16 milimetrotan filmatu, eta dokumental baten modura egin zuen. Gainera, aurrekontu urriko ekoizpen diseinua du. "Ez dago gerrillako zinema baino gauza baztergarriagorik", esan du zuzendariak. Nazioarteko estreinaldia Locarnoko (Suitza) Nazioarteko Zinemaldiaren 'Bizitzako zeinuak' sekzioan egin zuten.
El futuro filma 1982an ospatutako festa batean girotu dute. Hasteko, irudia beltzera itzali eta irratia entzungai, Felipe Gonzalezek hauteskundeak irabazi zituen gaueko soinua entzuten da. Irratsaio horretan, in pectore presidenteak hasiko duen gobernu berriaren helburuak iragartzen dituzte: demokrazia behin betiko finkatzea, krisialdi ekonomikoa gainditzea eta Autonomien Estatuaren egiten amaitzea. Bat-batean, Gonzalezen ahotsa moztu, eta isiltasuna hasten da, eta baita festa ere.
Zinegilearen esanetan, El futuro film politikoa da, "batera edo bestera, film guztiak direlako politikoak". Lopez Carrascoren iritziz, "jarrera politikoa hartzen ez duen film honek azken hogei urteotan ikusi dugun estrategia nabarmenena, garbiena eta argiena islatuko du, garai historiko hori ideologien gainetik egon den garaia izan dela ulertzeko. Norberaren burua apolitikotzat hartzea ideologikoki agerian geratzeko modurik hoberena da, aginte hegemonikoak, finantzazkoak edo instituzionalak esandakoarekin elkarbizitza akritikoan instalatuta gaudela erakusteko modurik hoberena, hain zuzen ere".