Zinema
Zinema-aretoetan
'Los juegos del hambre: en llamas', asteko estreinaldi nagusia
Erredakzioa
Jennifer Lawrence protagonista duen sagako bigarren pelikulaz gain, Plan en Las Vegas filma da aste honetan zinema-aretoetara iritsi den proposamen nabarmenentako bat.
Los juegos del hambre: en llamas eta Plan en Las Vegas dira aste honetako estreinaldi nagusiak. Horiez gain, drama sozialeko eta beldurrezko hainbat proposamen eta Heli, La Por eta Una esvastica sobre el Bidasoa dokumentalak estreinatuko dira.
Los juegos del hambre: En llamas
Azken urteetako ekoizpenik garrantzitsuenetako baten bigarren zatia estreinatuko dute asteburu honetan. Los juegos del hambre: En llamas filmean, Katniss Everdeenek jokoak irabazi eta itxaropenaren irudi bilakatu ostean biziko duen esperientzia berria jasotzen du.
Francis Lawrencek zuzendu du filma oraingoan ere, eta Jennifer Lawrencek soldata hirukoiztu du bigarren zati honetarako.
Plan en Las Vegas
Jon Turteltaub (La busqueda) zuzendariaren lan berriak 70 urteko gizon batek (Michael Douglas) haurtzaroko lagunekin Las Vegasen egingo duen ezkon aurreko agur festa kontatzen du.
Douglasek lankide bikainak izan ditu proiektu horretan: Robert De Niro, Morgan Freeman eta Kevin Kline.
La Hermandad
Monje beneditarrek bizitza baketsua daramate Italia iparraldeko monasterio batean. Txirotasun eta obedientzia arau zorrotzak dituzte. Bertan sendatuko dute Sara, beldurrezko istorioak idazten dituen eta istripu bat izan duen emakume bat.
Julio Martik zuzendua, Lydia Bosch da filmeko protagonista.
La por (El miedo)
Jordi Cadenak (Elisa K) zuzendu du pelikula, eta Manel 16 urteko gaztea eta haren familia indarkeria matxistarekin lotzen dituen kateak hausten ditu.
Igor Szpakowski, Roser Cami, Ramon Madaula eta Alicia Falco aktoreek lan egin dute pelikula horretan, eta Lolita Boschek idatzitako M eleberrian oinarritua dago.
Heli
Amat Escalante zinemagile mexikarrak txirotasunak eta drogek bere herrialdean eragiten duten indarkeria islatu du film berrian.
Pelikulak 12 urteko neskatila baten, Estelaren, eta eguneroko beldurgarri horretatik ihes egitera gonbidatzen duen kadete gazte baten istorioa kontatzen du. Zintak zuzendari onenaren saria irabazi zuen Canneseko Zinemaldian.
Una familia de Tokio
Isao Hashizume eta Kazuko Yoshiyuki aktoreak protagonista dituen filmak Tokion bizi diren seme-alabak bisitatuko dituzten aiton-amona batzuen istorioa kontatzen du.
Yôji Yamada zinema zuzendariak Yasujirô Ozuren obraren moldaketa egin du. Japonian duela 11 hilabete estreinatu zuten.
Una esvastica sobre el Bidasoa
II. Mundu Gerran, zinemagile alemaniar batek euskaldunei buruzko dokumentala grabatu zuen. 70 urte geroago, irudi horiek berreskuratu dituzte Alfonso Andres eta Javier Barajas zuzendariek.
80 minutuko zintak gertakariak eta protagonisten seme-alaben sentimenduak biltzen ditu.
Temporal
Jose Luis Lopez Gonzalez "Catxo" zuzendariak aldi baterako lan-arloko enpresa berean lanpostua lortu duten bost pertsonaia anonimoren istorioa kontatzen du.
Natalia de Molina, Adrian Lastra, Nuria Mencia, Luis Callejo, Alfonso Torregosa, Maggie Civantos, Violeta Perez eta Melanie Olivares aktoreek parte hartu dute proiektuan.
Mount St Elías
Akzioa eta muturreko kirola nahasten dituen pelikula austriarra da Mount St Elias. 2009an estreinatu zutenetik, hamar bat sari jaso ditu.
Gerald Salminak zuzendutako lehen filma da, eta San Elias (Alaska, AEB) mendirako igoera jaso du bertan.
Metro Manila
Sean Ellis zuzendari britainiarrak Filipinetako egoera ekonomiko zaila jaso du Oscar Ramirez (Jake Macapagal) nekazariaren istorioarekin.
Pelikulak Sundance jaialdiko ikusleen saria irabazi zuen.
Camille Claudel 1915
Camille Claudel (Juliette Binoche) Frantzia hegoaldeko psikiatriko batean sartu zuten, 1915ean. Bertan bizi izan zuen esperientzia kontatzen du pelikulak.
Bruno Dumont zuzendariak benetako zentro batean filmatu zuen zinta, eta Binoche benetako gaixoekin agertzen da.