Itxi

Zinema

Heriotza

Joan Fontaine aktorea zendu da

Erredakzioa

Oscar sarietarako izendapena hiru aldiz lortu zuen, eta Alfred Hitchcock zuzendariaren musa izan zen 'Rebecca' eta 'Suspicion' filmetan.

  • Joan Fontaine aktorea. Argazkia: IMDB

    Joan Fontaine aktorea. Argazkia: IMDB

Joan Fontaine aktore britainiar-estatubatuarra 96 urte zituela hil da, artistaren ordezkariak The Hollywood Reporter argitalpenari adierazi dionaren arabera. Fontainek aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen Suspicion lanari esker.

Fontaine, 40ko hamarkadako zinemaren ikur, Carmelen (Kalifornia) zuen etxean hil da.

Oscar sarietarako hiru aldiz lortu zuen izendapena, eta Alfred Hitchcock zuzendariaren musa izan zen Suspicion eta Rebecca filmetan. Azken horretan, gainera, Cary Grantekin egin zuen lan.

Fontaine Tokion jaio zen, 1917an, eta Olivia Havilland ahizparekin (Gone With the Wind) lehia handia izan zuen. Ahizpen arteko eztabaidak ospetsuak izan ziren Hollywooden.

1917an Fred Astaire aktorearekin egin zuen A Damsel in Distress pelikulari esker egin zen ezagun Fontaine, baina Hitchcocken zuzendaritzapean eta Laurence Olivierrekin filmatu zuen Rebecca pelikularekin lortu zuen nazioarteko arrakasta. Ordutik, amodio istorio mingarriak bizitzen zituzten pertsonaiak egin zituen, eta The Constant Nymph zintarekin Oscarretarako beste izendapen bat lortu zuen.

Horrez gain, Fontainek Orson Wellesen Jane Eyre klasikoaren zinemarako moldaketa ere egin zuen.

Aktoreak izarra du Hollywoodeko Ospearen pasealekuan, eta, aipatutakoez gain, beste film hauengatik ere da ezaguna: September Affair, Ivanhoe eta Letter from an Unknown Woman. The Witches (1966) izan zen bere azken lana.