Itxi

Zinema

Industriaren sariak

'La Herida' Fernando Francoren filma nagusi, Forque sarietan

Erredakzioa

Lanean euskal parte-hartze handia dago, nola arlo artistikoan hala teknikoan, eta EiTBk ere parte hartu du ekoizpenean. Film onenaren eta emakumezko aktore onenaren sariak bereganatu ditu.

  • 'La Herida' filmeko lantaldea, saria jasotzeko unean. Argazkia: Efe.

    'La Herida' filmeko lantaldea, saria jasotzeko unean. Argazkia: Efe.

'La Herida' Fernando Francoren filmak urteko filmik onenaren saria eta 30.000 irabazi ditu Jose Maria Forque zinema sarien hemeretzigarren edizioan, '15 años y un día' (Gracia Querejeta), 'El cuerpo' (Oriol Paulo), 'La gran familia española (Daniel Sanchez Arevalo), 'Zugarramurdiko sorginak' (Alex de la Iglesia) eta 'Una pistola en cada mano' filmen gainetik.

Fernando Francoren filmak beste sari nagusi bat ere irabazi du: Marian Alvarezek, Donostiako Zinemaldian bezala, emakumezko aktore onenaren saria irabazi die Aura Garrido ('Stockholm') eta Nora Navas ('Todos queremos lo mejor para ella') hautagaitzakideei.

Gizonezkoen arloan, urteko lehen sari hauetan Eduard Fernandezek irabazi du EGEDA ikus-entzunezkoen ekoizleen eskubideak kudeatzen dituen elkarteak ematen duen saria. Antonio de la Torre ('Caníbal') eta Javier Camarari ('Vivir es fácil con los ojos cerrados') gailendu zaie.

Animaziozko lan onenarentzako sari berezia eta 6.000 euroko diru laguntza 'Justin y la espada del valor' filmari eman diote galan.

Latinoamerikako filmik onena 'El Médico Alemán - Wakolda' (Lucía Puenzo) lanari iritzi diote epaimahaikideek, eta haren atzetik 'Gloria' (Txile), 'La Jaula de Oro (Mexiko)', 'Sonidos de Barrio' (Brasil) eta 'Azul y No Tan Rosa' (Venezuela) goraipatu dituzte.

Ekoizle batek Espainiako zineman egindako bidea saritzeko goraipamen berezia Agustin Almodovarri eman diote. Pedro anaiarekin batera El Deseo ekoiztetxea sortu eta 'La Ley del Deseo' (1987) ekoitzi zuenetik, haren film guztiak aurrera atera ditu Agustinek.

Industriaren aldarrikapenak

Agustin Almodovarrek eskerrak eman ditu sariagatik, eta, Jose Ignacio Wert Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroa bertan zegoela aprobetxatuta, "zinema aberastasun material, kultural eta moralerako iturri" dela esan du. "Ekoizleok ez dugu mezenasik behar, baizik eta lege esparru egokia", azpimarratu du.

Horren ildotik, Enrique Cerezo EGEDAko presidenteak esan duenez, "badakigu Gobernuek ez dutela nahita beren kulturaren aurka egiten", baina "zokoratu egiten da eta garapena eragozten zaio". Horren aurrean, "legez kanpoko kopien aurka borrokatzea eta pelikulak egin ahal izateko lege esparru iraunkorra erraztea" eskatu dio Werti.

Kritikak entzun eta gero, ekitaldira bertaratutako aktore, zinemagile eta ekoizleak kontra nabarmen zituela, Wert ministroak espainiar zinemak etorkizuna duela adierazi du, eta, bere aurkako oihuek isilduta ia, "hurrengo asteetan Gobernuak zinemarekin lotutako berri onen bat" emango duela erantsi du.