Zinema
Homosexualitatea Errusian
Tanya Shmankevitx: 'Ez gara heroiak, garen bezalakoak izan nahi dugu'
Natxo Velez | eitb.com
Shmankevitxek gay-lesbo-trans tematikadun filmen jaialdi bat antolatzen du San Petersburgen, testuinguru zailean, heriotza mehatxu eta debeku artean. Bilbon da egunotan, Zinegoak zinemaldia dela eta.
Zinegoak zinema eta arte eszenikoen jaialdiak Bok o Bok errusiar jaialdiaren lana aintzat hartu du aurtengo edizioan, eta ohorezko saria eman die astelehen honetan, irekiera galan. Homosexualen aurkako erasoek eta debekuek markatutako giro batean errusiar adiskideek egiten duten ahalegina goraipatu nahi izan dute.
Bok o Bok zinema lesbiar, gay, bisexual eta transexualaren San Petersburgeko jaialdiko antolatzaileak, Tanya Shmankevitxek, jaso zuen saria galan, eta Errusiako egoera azaldu du Bilboko egonaldian.
Seigarren edizioa izan dute aurtengoa, eta garai latzak egun-egungoak diren adierazgarri, azken hau guztietan zailena izan dela esan du Shmankevitxek: bost bonba mehatxu pairatu dituzte. Horren aurrean, bere tolesgabetasunean oihua den esaldi indartsua bota du Shmankevitxek, han-hor-hemen jasotzen dituzten mirespen agerpenen inguruan hausnarketa eginez: 'Heroiak garela esaten dute, baina ez gara heroiak: garen bezalakoak izan nahi dugu'.
Halaber, San Petersburgeko jaialdia bere jaioteremuan, Siberian, ere egiten zutela kontatu du Shmankevitxek. Egiteari utzi behar izan zioten, baina: "Bertan behera utzi behar izan genuen. Antolatzaileontzat, arriskutsuegia zen".
Hala ere, baikor da etorkizunari begira: "Europako beste herrialde batzuetako egoera ikusteak lagundu egiten digu. Duela 40 edo 50 urteko gizarteek ez zituzten harreman homosexualak onartzen bertan ere, eta gaur egun bai. Eredua dira guretzat", esan du.