Zinema
Zinema
Gerra Zibilaren aurretik Euskadin filmaturiko azken filma, argitara
Erredakzioa
"Sinfonía vasca" 1936an eginiko dokumentala aurkitu du Andoni Elezcano historiagile eta doktoregaiak Espainiako Zinematekaren funtsean. Adituek galdutzat emana zuten zinta.
-
'Sinfonia Vasca' filmeko irudi bat. Argazkia: Antso Jakituna Fundazioa.
Antso Jakituna Fundazioak euskal kultura eta ikerketari buruz argitaratzen duen aldizkariaren azken zenbakian agertzen denez, Sinfonía vasca (1936) filmaren kopia bat aurkitu dute. "Gerra Zibilaren aurretik Euskadin filmatu zen azken filma" da hori, Vital Gizarte Ekintzaren argitalpenaren arabera.
Andoni Elezcano EHUko historiagile eta doktoregaiak dokumental horren kopia bat aurkitu du Espainiako Zinematekaren funtsetan. Lana 1936an filmatu eta estreinatu zen, Gerra Zibila hasi baino lehen, eta galduta zegoela uste zuten adituek.
Adolf Trotz alemaniarra izan zen 16 minutuko filmaren zuzendaria, naziengandik ihesi bizilekua Espainian ezarri zuen gizon bat. "Zinematografia-poema" da, eta Jesús García Leoz nafarraren musikak lagunduta dago euskal bizitzaren eta paisaien hainbat irudi erakusten dituen lana.
Euskadin Gerra pairatu aurretik hartutako azken irudiak ditu filmak, eta II. Errepublikan egindakoetatik gelditzen den film apurretakoa da. Filma Bilbon, Donostian eta Gasteizen eman zuten Gerraren aurretik, baina kopia bakarra frankismoaren ondoren desagertu zen. Inork ez zuen berriro horren berri izan, hainbat ikertzaile aurkitzen saiatu baziren ere.
Aurkitu den kopia 80ko hamarkadan erosi zuten Espainiako Zinematekaren funtserako. Orduan, zinemateka horrek 16 milimetroko zinten sail bat erosi zion Pax Films antzinako banaketa-etxearen jabeari. Zinta horiek Madrilgo garaje batean gorde zituzten.
Ezer gutxi jakin zen film horren edukiari buruz; izan ere, euskal zinemaren historiari buruzko lehenengo ikerketak egiten hasi baino lehen desagertu zen.