Itxi

Zinema

Goya sariak

Zelakoak dira aurten pelikula onenaren Goya irabazteko izendatutakoak?

Natxo Velez | eitb.com

"15 años y un día", "Caníbal", "La gran familia española", "Vivir es fácil con los ojos cerrados" eta "La Herida" lehiatuko dira igande honetan, urteko espainiar film onena izateko.

  • 'La Herida'

    'La Herida'

"15 años y un dia"

Gracia Querejetaren filmeko protagonista Jon da, gazte errebelde bat. Amak (Maribel Verdu) aititarekin (Tito Valverde), militar ohi zorrotz batekin, bizitzen bidali du semea, Costa del Solera. Jonek arriskua maite du; Maxek, ostera, lasaitasuna, erretirodunen ohiko bizimodua. Biek beren muga eta beldurrei aurre egin beharko diete.

"Canibal"

Carlos (Antonio de la Torre) Granadako jostunak sekretu izugarria du gordeta: lehendik ezagutzen ez dituen emakumeak jaten ditu, kanibala da. Dena hankaz gora jarriko zaio, dena den, jo eta su ahizpa bikiaren bila ari den emakume gazte errumaniarra ezagututakoan.

"La gran familia española"

Espainiako selekzioak Hegoafrikan futboleko munduko txapelketa irabazi zuen egun berean, ezkontza bat izan zen. Egun horretan, herrialde osoa pantailari itsatsita zegoela, bost anaiako familia batek erronka handi bat zuen aurrean.

"Vivir es fácil con los ojos cerrados"

Antonio (Javier Camara) ingeleseko maisuak The Beatlesen kantuak erabiltzen ditu ingelesa irakasteko, Espainian, 1966. urtean, frankismoaren azkenaldian. John Lennon Almerian dagoela jakindakoan, berarengana joatea erabakiko du, ezagutu eta haren hitzen, eskolarako erabiltzen duen materialaren, inguruan dituen zalantzak argitzeko. Ibilbide horretan, Juanjo (Francesc Colomer), etxetik ihes egindako gazte bat, batuko zaio, baita Belen (Natalia de Molina) ere, beste zerbaitetik ihesi ari den gaztea.

"La Herida"

Anak (Marian Alvarez, Donostiako Zinemaldiko Zilarrezko Maskorra eman zioten, paper honengatik) nortasun nahasmendu bat du: ezin du ez bere portaera ez bere emozioak kontrolpean izan, eta horrek sufrimendu handia dakarkio, errudun sentitzen baita. Zoriontsu izan nahi du, besterik ez, baina bere nortasunak gero eta zulo sakonagora darama.