Zinema
Zinemako estreinaldiak
Robert Redforden hondoratzea, Robocopen aurka
Erredakzioa
Robert Redford, bera protagonista bakar duen pelikula berrian, Robocop 80ko hamarkadako ikonoa eta, aste honetan ezinbestean, maitasuna, ikuspegi fantastiko, umorezko edo dramatikotik, pantailetan.
"All Is Lost"en, Robert Redford beteranoa Ozeano Barean hondoratzen den ontzi bateko bidaiari bakarra da.
Ez dago elkarrizketarik eta lanaren zama osoari Redfordek berak eusten dio, giza biziraupenaren aldeko pelikulan.
Mark Helprinen eleberri batean oinarrituta, "Winter's Tale" lanak lapur baten eta emakume eder baten arteko maitasun harremana kontatzen du: protagonistak denboran zehar bidaiatu beharko du, maitasun hori berreskuratzeko.
Akiva Goldsmanen lehen filma da zuzendari gisa, aurretik "A Beautiful Mind"en eta beste zenbait lanetan gidoilari ibili eta gero. XIX. mendetik gaur egunera saltoka dabilen maitasunezko istorio fantastikoko protagonistak Colin Farrell eta Jessica Brown Findlay dira.
Robocop zientzia-fikzioaren klasikoa pantailetara heldu da berriz, 27 urte geroago. Jose Padilha ("Tropa de élite") da zuzendaria, Hollywoodeko proiektu batean lehenengoz, eta Joel Kinnaman, Gary Oldman eta Michael Keaton ditu ondoan.
Detroiten, 2028. urtean, Alex Murphy polizia zauritu dute. Haren bizitza salbatzeko, OmniCorp teknologia robotikoko enpresak gizakiaren eta makinaren arteko hibridoa sortuko du.
"Alabama Monroe"k Eliseren eta Didierren istorioa kontatzen du: zazpi urte daramatzate elkarrekin maiteminduta, eta bizimodu zoriontsua dute, baina alaba gaixotu egingo zaie, eta dena hankaz gora jarriko da batak eta besteak jarrera ezberdina izango baitute zoritxarraren aurrean.
Johan Heldenberghen antzezlan dramatiko batean oinarrituta dago "Alabama Monroe", eta Belgikaren ordezkaria izango da Oscar sarien hurrengo galan, atzerriko film onenaren atalean.
Umorea eta amodio afera zoroak: hori agintzen du "Sólo para dos" espainiar, argentinar eta venezuelar filmaren promozioak. Roberto Santiago da zuzendaria.
"Sólo para dos" Margarita uhartean gertatzen da, bikoteentzako hotel batean. Gonzalo eta Valentina bertara helduko dira, haien arteko harremana berpiztu nahian, eta lehenengoz bertan bikotekiderik gabe izena eman duen bezero bat aurkituko dute.
"Bajo un manto de estrellas"en, Almagron (Ciudad Real) elizgizon talde batek kleroaren aurkako borrokan ari direnei aurre egin beharko die, 1936ko altxamenduaren ostean.
Manuel Aguilar, Luis Fernandez de Eribe eta Sergio Raboso aktoreak dira espainiar istorio tragiko honetan domingotarrena egiten duten aktoreetako batzuk.
"Kuma" lanean, Mustafaren bigarren emazte izateko Turkiatik Vienara joaten den emakume baten, Aysren, istorioari begiratzen diote. Zail egingo zaio Austriako hiriko bizitzara egokitzea, eta Fatmak, Mustafaren lehen emazteak, lagundu egingo dio.