Zinema
Sariak
'Gravity' lanak sei sari eskuratu ditu Bafta sarietan
Steve McQueen zuzendariak gaueko Bafta sari garrantzitsuenak eskuratu ditu (pelikula onenarena eta gizonezko aktore onenarena) "12 Years a Slave" lanarekin.
Alfonso Cuaron mexikarraren "Gravity" lanak eskuratu ditu Britainia Handiko zinemaren Bafta sari gehien (sei sari jaso ditu guztira, tartean zuzendari onenarena), baina pelikula onenarena "12 Years a Slave" filmarentzat izan da.
Bafta sarien 67. edizioa oso estua izan da, eta bi aste barru Hollywoodeko Oscar sariekin hala gertatu daiteke.
Steve McQueen "12 Years a Slave" pelikularen zuzendari britainiarrak gaueko sari garrantzitsuenak eskuratu ditu, tartean pelikula eta gizonezko aktore onenarena (Chiwetel Ejiofor protagonistak eskuratu du).
Cuaronen 3Dko odisea espazialak zituen hautagaitza gehien (11, hain zuzen ere) eta sei sari jaso ditu: zuzendari onenarena, soinu onenarena, jatorrizko musika onenarena, efektu berezi onenena, argazkilaritza onenarena eta Britainia Handiko pelikula onenarena.
"Britainia Handiko zinema-industriaren parte naizela uste dut, eta nire sentimendu guztiak Britainia Handian daude sustraituta", adierazi du Cuaronek. Ingelesez duen doinuagatik barkamena eskatu du eta Jonas Cuaron semeari eskaini dio saria. Gidoiaren autorea da, zuzendariarekin batera, eta "zinemaren maisu" eta "bizitzaren erreferentzia" dela aitortu du.
"American Hustle" David O. Rusellen zuzendariaren tragikomediak hiru sari jaso ditu, tartean jatorrizko gidoi onenarena.
Stephen Frearsen "Philomena" eta Paul Greengrassen "Captain Phillips" lanek sari bana jaso dute.
Paolo Sorrentinoren "La grande belleza" filmak, berriz, atzerriko pelikula onenaren saria jaso du, "La vie d'Adele"ren aurretik.
Will Poulter gazteak (21 urte) aktore berri onenaren saria jaso du. Boto elektroniko bidez egindako hautaketa izan da, eta "We're the Millers" filmean egindako paperagatik saritu dute.
Dokumentalen generoari dagokion saria Joshua Oppenheim estatubatuarraren "The Act of Killing" filmak eskuratu du. Oscar sarietarako ere hautatu dute pelikula hori.
Tinie Tempah abeslari britainiarrak galan parte hartu du, eta Stephen Fryk egin ditu aurkezle lanak.
Brad Pitt eta Angelina Jolie ezustean izan dira Bafta sarietan, eta jarraitzaileen artean zoramena eragin dute.