Zinema
Zinemako estreinaldiak
Spiderman zinemetara itzuliko da Aste Santuan
Erredakzioa
"The amazing Spiderman 2"k piztu du jakin-min handiena; harekin batera, "muppet"ak, Jeremy Irons ("Tren de noche a Lisboa") eta "El Pasado" Asghar Farhadi irandarraren filma egongo dira ikusgai.
Spidermanek, gazteago eta Andrew Garfield kaliforniarrak gorpuztuta, abenturarik abentura jarraituko du. Bigarren zati hau aurrekoa baino biziagoa dela esan dute filmaren arduradunek, eta aktore ezagunak jarri dituzte oraingoan kameren aurrean: Jamie Foxx eta Paul Giamatti, berbarako. Marc Webbek zuzenduta, "The amazing Spider-Man 2: El poder del Electro" ostegunean estreinatuko dute; ordutik aurrera, armiarma gizonak Electro etsai berriari zelan aurre egiten dion ikusi ahal izango dugu.
Familia osoarentzako proposamena "El tour de los muppets" da. Ricky Gervais, Ty Burrel eta Tina Fey izango dituzte alboan oraingoan "Sesame Street"eko panpinek. Madril, Berlin, Dublin, Londres eta Europako beste hainbat hiri bisitatuko dituzte.
Asghar Farhadi irandar zinemagileak, "Nader y Simin, una separación" filmaren zuzendariak, "El pasado" dakar oraingoan, Canneseko Zinemaldiko sail ofizialean parte hartu zuen istorio bat; Berenice Bejo aktoreak, gainera, emakumezko aktore onenaren saria irabazi zuen jaialdian, pelikula honetan egindako lanari esker. Teheranen bizi den gizon bat Parisera itzuliko da, berarengandik dibortziatzen ari den emazteak eskatuta. Han dagoela, antzinako sekretu gordeak azaleratuko zaizkio.
Jeremy Irons "Tren de noche a Lisboa" Bille August zuzendariak Pascal Mercier idazlearen eleberri batean oinarrituta egindako film luzearen protagonista da. Raimonek, Latina irakasten duen gizonezko batek, bere burua ibaira bota nahi duen emakume gazte bat salbatu du. Emakumea bat-batean desagertuko da: egile portugaldar baten liburu bat eta Lisboarako tren txartel bat soilik geratuko zaizkio Raimondi, deus gehiagorik ez. Lisboara joango da, idazle horren berri izateko.
Kristim Scott Thomas eta Ethan Hawke aktoreek izan dute "La mujer del quinto distrito" Douglas Kennedy idazlearen antzezlanaren egokitzapeneko protagonista izateko ardura, Pawel Pawlikowskik zuzenduta. Eskandalu baten ondorioz egoera jasangaitzean dagoen idazle estatubatuar batek Parisera egingo du, bizimodu berri bati ekiteko asmoz. Han, emakume misteriotsu bat ezagutuko du.
"La partícula de Dios" lanean, Antonio Banderas Los Angeleseko ikertzaile pribatu bat da. Bezero bitxi batek, errusiar boxeolari batek, bere neska-lagun ohia bilatzeko eskatuko dio.
"Hasta ver la luz" Basil da Cunha zinemagile portugaldarraren lehen lana Lisboako auzo batean baztertuta bizi direnen inguruko kontaketa lazgarria da. Sombrak bizimodu gautiarra du, bakartia da oso, eta auzoan gertatzen den atraku baten erdian nahasita ikusiko du bere burua.