Itxi

Zinema

Zinema estreinaldiak

'Pompeya', 'La vida inesperada' eta Miyazakiren azkena, zinemetan

Erredakzioa

Gladiadore baten abenturak Vesuvioren erupzioaren aurka, Javier Camara eta Raul Arevelo New Yorken eta Miyazaki animazioaren maisuaren azken lana izan litekeena heldu dira aretoetara ostiralarekin.

Paul W. S. Anderson "Resident Evil" sagako hiru filmen zuzendaria dago "Pompeya"ren atzetik, kameraren bestaldean laguntzen Kit Harington (Jon Snow, "Games of Thrones" telesailean), Emili Browning eta Kiefer Sutherland eduki dituena. Vesuvio sumendia erupzioa izatear delarik, Milo gladiadoreak Cassia maitea, senatari erromatar bati (Sutherland) ezkon-hitza eman zion emakumea (Browning), salbatzeko ahalegina egingo du.

"La vida inesperada" filmean, AEB "aukeren lur" gisa erakusten duen leloaz hausnarketa egiten da. Juanito (Javier Camara) New Yorken bizibidea hala-hola ateratzen duen aktore espainiarra da, eta lehengusua, bankuen sektorean lan egiten duen gizon arrakastatsua (Raul Arevalo), bisitan joango zaio. "La vida inesperada" Jorge Torregrossa zuzendariaren bigarren filma da, eta gidoia Elvira Lindok idatzi du.

Yankee Pedlar Hotel ixtear daude, baina bertako bi langilek espirituak daudela egiaztatzeko erronka jarri diote beren buruari; "Los huespedes" Ti Westen filmaren argumentua da hori. Zuzendari estatubatuarra Fant fantasiazko zinemaren Bilboko jaialdian egongo da aurten.

Diego "Azul y no tan rosa" filmeko protagonistaren bizimodua erabat arrunta da: argazkilaria da, lagunekin ibiltzen da, familia bazkariak izaten ditu, Fabrizio mutil-lagunarekin harreman formala du... baina seme heterosexuala agertzea eta dena aldatzea, biak bat izango dira. Hori da "Azul y no tan rosa" filmaren argumentua. Goya sarietan film iberoamerikar onenaren saria eman zioten homosexualen aurreko aurreiritziak hausten ahalegintzen den lana.

Paul Walker "Fast and Furious" filmetako protagonista, 2013an auto istripuan hil zen aktorea, da "Brick Mansions" filmeko pertsonaia nagusia. Damiel Collier (Walker) Detroiten ustelkeriaren aurkako borrokan murgilduta dagoen agente sekretua da.

Hayao Miyazaki da "El viento se levanta" filmaren zuzendari eta gidoigilea. National Board Reviewren animaziozko pelikula onenaren saria eta New Yorkeko Kritikarien Elkartearen saria irabazi zituen filmak, askoren esanetan Miyazakiren azken lana izango denak. Jiro Horikoshi gazteak hegan egitea du amets, eta, Caproni ingeniari aeronautikoaren eraginpean, Bigarren Mundu Gerrako ehiza-hegazkin batzuk diseinatzera igaroko da.