Itxi

Zinema

Bertatik bertara

Gurasoak ahaztu gabe, bi alaba jo ta fuego

Begoña del Teso | Cannes

Milaka film ikusgai Cannesen. Merkatuaren Short Film Cornerren plazaratzen diren laburrak kontuan harturik, 'milioika' esan genezake.. Denen artean, bat aukeratu dugu hizpide: "La incompresa".

  • Asia Argento eta Charlotte Gainsbourg, Cannesen. Argazkia: Efe.

    Asia Argento eta Charlotte Gainsbourg, Cannesen. Argazkia: Efe.

Eta zergatik La incompresa? Harro maitatzen ditugun bi emakume berdingabe baitaude bertan. Bata gidoi eta musika egile arduretan gehi zuzendari lanean ere eta bestea, aktore nagusi.

Parekorik ez dute ez batak ez besteak. Leinu argiko fruituak, biak. Eta biek leinu horri errefus, muzin, egin barik, bide propioak sortzeko ahalmen eta grina; ausardia eta sasoia erakutsi izan dituzte. A zer nolako ausardia, a zer nolako balentria biena!

Izenik nahi? Jaun andreok, zuekin, Asia Argento eta Charlotte Gainsbourg! Zuekin, Cannesen oraindino ikusi izan den filmik estrainoenetarikoan! Kolorez, arropaz, estiloz eta musikaz gainezka egiten duena. Sofia Coppolak sarri eta ezin hobe aurkeztu dizkigun Fashion victims direlako horiek hartuta. Jarmuschen Only Lovers Left Alive gogora, ez dakit zergatik egia esan, ekartzen dizuten  izakiz betea. Ikusleak ahoa hortz bete utzi zuena. Ustekabez harrapaturiko ikusle horiek filma bukatu zenean hiru minutuz jardun zuten bravo eta txaloka.

Asia, Charlotte. Lehengoa, Italiako beldurrezko zinemaren maisua den Dario Argentaren alaba eta... musa. Askotan iraindu dituzte biak zeluloidearen sasijakintsuek baina omenaldi polita egiten dio alabak aitari La incompresa-n.

Bigarrena, Jane Birkin eta Serge Gainsbourg mitoen alaba. Charlotte gabe Lars von Trierren azken artelan deabruzkoak ez lirateke eta existitu ere egingo.

Kontu estrainoak gertatzen ari dira aurtengo Cannesen bertan, seme-alabek eta ikasleek gurasoek eta maisuek egindakoa gainditzen baitute erruz eta erraz.