Zinema
Film laburrak
Zazpi film laburrek osatuko dute Kimuak 2014 katalogoa
Erredakzioa
Aitor Gutierrez, Lander Camarero, Kote Camacho, Koldo Almandoz, Asier Altuna eta Aitor Arregi zinemagileen lanak eta Artelekuk ekoitzitako proiektu kolektibo bat dira lanok.
-
"A serious comedy" filmeko irudi bat
Guztira zazpi euskal film labur aukeratu ditu epaimahaiak, 63 hautagaien artean, 2014ko Kimuak katalogoa osa dezaten. Irailean aurkeztuko dute bilduma, Donostiako Zinemaldian.
Ohar batean azaldu dutenez, lan hauek osatuko dute euskal zinemagileen lanen lagina aurten: "Anómalo" (Aitor Gutierrez); "A serious comedy" (Lander Camarero); "Don Miguel" (Kote Camacho); "Hubert le Blon-en azken hegaldia" (Koldo Almandoz); "Sailor's grave" Artelekuk ekoitzitako lan kolektiboa; "Soroa" (Asier Altuna); eta "Zarautzen erosi zuen" (Aitor Arregi).
Zinema genero nagusiak biltzen ditu bildumak, eta euskarazko bi lan, gaztelaniazko beste horrenbeste, elkarrizketarik gabeko bi lan eta arabieraz filmatutako bat eskainiko ditu.
Epaimahaikideak hauek izan dira: Maialen Beloki Donostiako Zinemaldiko Zuzendaritza eta Hautaketa batzordeetako kidea, Josemi Beltan Donostia Kulturako Zinema Arloko zuzendaria, Ismael Martin ECAM zinema eskolako eta Madrid en Corto programako arduraduna, Edurne Ormazabal EiTBko zuzendari komertziala eta Jorge Sanz Aguilar de Campooko Film Laburren Jaialdiko koordinatzaile nagusia.
Kimuak Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren ekimena da, Etxepare Institutuak antolatu eta Euskadiko Filmategiak kudeatutakoa, eta EAEn egin edo ekoitzitako film laburrak zabaltzea eta sustatzea du helburu.