Itxi

Zinema

Alex Angulo hil ostean

'Bendita Calamidad' filmatzen jarraituko dute Luis Varela aktorearekin

Erredakzioa

Gaizka Urresti zinemagilea buru duen taldeak filma grabatzeko lanak eten zituen, uztailaren 20an Alex Angulo hil eta gero. Angulok egiten zuen pertsonaia gorpuztuko du Varelak.

  • Luis Varela aktorea. Argazkia: Youtube.

    Luis Varela aktorea. Argazkia: Youtube.

Datorren astean, “Bendita calamidad” pelikula filmatzeko lanei berriz ekingo diete, eta Luis Varela aktoreak egingo du Tarazonako gotzainarena. Gaizka Urresti zinemagilea buru duen lantaldeak grabazio lanak eten zituen, uztailaren 20an Alex Angulo, filmeko protagonistetako bat, hil eta gero.

 

Urrestik, lantaldearekin eta proiektua babesten duten hainbat lagunekin hitzartuta, film luzea grabatzen jarraituko dutela berretsi du. Asmo hori gauzatzeko, “ezinbestekoa” izan da Luis Varela antzerkiko, telebistako eta zinemako aktore “bikaina” proiektura batzea.

 

“Teknikariek, aktoreek eta bestek ahalegin handia egin behar izan dugu aldartea berreskuratu eta filmatze lanen antolaketa berriak dakartzak zailtasun tekniko eta azpiegiturakoei buelta emateko”. Astelehenean, hilak 4, hasiko dira berriz lanean, irailaren 5era arte, Moncayon, Zaragozan eta Tarazonan.

 

“Bendita Calamidad” 2015ean eraman nahi dute zinema aretoetara, eta “Alex Angulorentzako omenaldi” gisa aurkeztu du Urrestik, “gizaki moduan eta profesional moduan” merezi zuelako.

'Alexek egin nahi zuen filma amaitu'

Gaizka Urrestik gutun batean azaldu duenez, Angulo hil eta gero “ez genuen indarrik filmatzen jarraitzeko”, baina “jendeak, deien bidez eta sare sozialetan, bidali digun babes eta maitasunak aurrera egin behar genuela, helburua gauzatu egin behar genuela, ulertzen lagundu digu, eta Alexek egin nahi zuen filma bukatu behar dugu”.

 

Luis Varela aktorea 50eko hamarkada hasi zen lanean. Zineman, Berlangarekin, Nieves Conderekin, Saenz de Herediarekin, Pedro Lazagarekin eta, geroago, Alex de la Iglesia eta Jose Luis Garcirekin lan egin du. “Antzerki mailan, dena egin du”, esan du Urrestik.