Itxi

Zinema

Biografia

Agur, Robin Williams: 'O, kapitaina, nire kapitaina'

Erredakzioa

Aktoreak barrea ("Doubtfire andrea") eta amets egiteko gogoa ("Poeta hilen elkartea", "Hook") piztu zituen, baina mingoztasun zaporea ere utzi zuen kameraren bestaldetik ("Good Morning, Vietnam").

Christopher Reeve aktorea zenak esan zuenez, zalditik erori eta paraplegiko gelditu ostean barrea atera zion lehen pertsona Robin Williams adiskidea izan zen. Julliard Schoolen ikaskide izan ziren, eta elkarren lagun, bizitza osoan. Reeve ospitalean zegoela, Williamsek errusiar doktore bat zen itxurak egin omen zituen, eta kolonoskopia egin behar ziola esaten zion zinema pantailan Superman izan zen aktoreari.

Muga horretan ederto mugitzen zen Williams: barrea, negarra ezkutatzeko.

Williams Chicagon jaio zen, 1951n, eta Zientzia Politikoak ikasten jardun zuen, aktore lanari heldu aurretik. Politikarekiko konpromiso hori oso agerian utzi zuen zenbaitetan, jendaurrean iritziak emateko dudarik ez baitzuen izan. Berlinale jaialdian "The Final Cut", inoiz egin zuen film ilunenetakoa, aurkeztu zuen egunean, hau bota zuen: "Ez dakit zertan ari garen Iraken arma kimikoen bila; errazago zatekeen Pentagonoko sarrera-agirietan bilatzea".

Batik bat telebistak 70eko hamarkadan "Happy Days" eta "Mork & Mindy" telesailen bidez eman zion ospea ezagutu aurretik, kokainarekin arazoak izan zituen, John Belushi laguna ondoan zuela. "Kokainaren bidez jakinarazten dizu Jainkoak diru gehiegi irabazten ari zarela", esaten zuen Williamsek ironiaz.

Zineman sarrera handia egin zuen: "Good Morning, Vietnam" (Barry Levinson). Berbaera azkarra, asmamena zein irribarrea eta begirada tristea uztartzeko gaitasuna agerian utzi zituen bertan Williamsek.

Gainera, Oscarrerako lehen izendapena ekarri zion paper horrek, eta zorion profesionalaren bidea ireki zion. "Poeta hilen elkartea" (Peter Wir) etorri zen jarraian; gaur, Williams zena agurtzeko, "O, kapitaina, nire kapitaina" esaldia supituki denon gogora etortzea eragin duen filma. Irakasle heterodoxoa zen bertan, ohiko gaiei muzin egin eta bizitzako gauza garrantzitsuei begiratzen ziena.

Akademiaren sari nagusirako izendapen bana ekarri zion hiruko bikaina "Errege arrantzalea" Terry Gillian Monty Pythoneko kide eta Williamsen idoloaren filmak itxi zuen. Alegia-asmatzaile magikoa zen bertan.

Disney ere gogoratu zen Williamsen ahalmenaz, "Aladdin" filmeko jeinuari ahotsa jartzeko aktore bila zebilela. Hainbat ahots ezberdin jarrita film horretan kantatzen zuen bezala, "munduak ez du sekula hura bezain jeinu jenialik ezagutu".

Steven Spielbergek, ordea, oso bestelako lan baterako hartu zuen gogoan aktorea: benetako bizitzarekin nekatutako Peter Pan bat gorpuzteko eskatu zion. Lan horretan, "Hook" filmean, umeekiko lotura indartu zuen.

"Doubtfire andrea" filmean, seme-alabekin denbora gehiago egote aldera ume-zaintzaile britainiarra zen itxurak egiten zituen aita bat izan zen; Urrezko Globoa ekarri zion lan horrek.

Jarraian, beste film asko ("Jumanji", "Patch Adams"...) eta, azkenik, Oscarra heldu ziren. Laugarrenez izendatu eta gero eman zioten, 1997an, antzeztaldeko aktore onenaren atalean, bera bezain gazi-gozoa zen pertsonaia bat gorpuztearren: "Good Will Hunting" Gus Van Santen filmeko psikiatra alarguna.

Azkenaldian, zenbait errehabilitazio zentrotan egona zen, baina, hala ere, ezerk ez zuen iragartzen horrelako bukaera bat, nahiz eta azkenaldian ikusleen gogoan ekoizleen agendan baino sarriago agertzen zen aktorea. "Doubtfire andrea"ren bigarren zatia iragarrita zuten, eta "Night at the Museum"en hurrengo pelikula filmatzen ari zen.