Itxi

Zinema

‘Tentelak eta ergelak’

Roberto Caston: 'Bizitzan, denok izan gara tentelak eta ergelak'

Natxo Velez | eitb.eus

Roberto Caston zinemagileak (A Coruña, 1973) “Tentelak eta ergelak” bigarren film luzea estreinatu zuen ostiralean zinema aretoetan, Zinemaldia arrakastatsu bisitatu eta gero.

1:42

Roberto Castonek, “Ander” (2009) filmarekin debuta egin eta gero, bigarren film luzea eraman berri du zinema aretoetara, eta ,erronka handi horri aurre egiteko, bultzada handia jaso zuen Zinemaldian: kritika oso onak jaso zituen filmak, eta hirugarren gelditu zen Gazteariaren Saria jasotzeko filmen zerrendan.

 

Pelikulan kontatzen denez, zinemako hainbat profesional plato batera sartu dira, egun bakarrean “Tentelak eta ergelak”eko istorioa kontatzeko. Mahai baten bueltan, zuzendariaren (Roberto Alamo aktorea) esanetara, pertsonaiak sortzeko lana erakusten dute aktoreek, baita, entseguen, argien, soinuaren eta besteren bidez, gidoi batean idatzitako istorio xumea film, zinema, bihurtzeko prozesua ere.

 

Testuinguru horretan, Marioren (Josean Bengoetxea), Paularen (Cuca Escribano), Miguelen (Aitor Beltran) eta Lourdesen (Nausicaa Bonin) bizitzak gurutzatu egingo dira, atsegin ez duten bizimodua aldatu nahian. Bihotzak gidatuta aritu beharko dira, edo aldaketaren aurreko beldurrari aurre eginez.

Roberto Castonek, filmaren zuzendariak, pelikularen inguruko hainbat zertzelada eman dizkigu.

 

Zein dira “tentelak” eta zein “ergelak”? Batetik edo bestetik daude gehiago gaur egun?

 

Filmean, une horretan zoriontsu ez diren lau pertsonaia agertzen dira: haietako batzuek hainbat aukerari muzin egin diete, ihes egin die bizitzak eskaintzen duen horrek, beren buruan konfiantza nahikorik ez edukitzearren edo inozenteegi jokatzearren; beste batzuek etengabe egin dute akats berbera, besteei entzungor eginez beren plazerak asetzen tematu direlako ordura arte, adibidez. Horixe da tentelen eta ergelen arteko aldea. Nire ustez, denok izan gara noiz edo noiz tentelak eta ergelak.

“Ander” zure aurreko film luzean bezala, istorioaren lau ardatzak hauek direla esan duzu: nork bere burua onartzeko gaitasuna, bakardadea, maitasunaren bilaketa eta familia eraikitzeko nahia. Zer alde dago gai horiek pantailaratzeko moduan zure bi lanen artean?

 

“Ander”etik aldentzen duten gauza asko dauzka film honek, bai forman bai narratiba mailan. “Tentelak eta ergelak” film korala da, (asmatutako) hiri giro batean kokatua. Gainera, lehenengoaren naturalismo ia dokumentaletik, bigarrenean lortu nahi izan dugu artifizialtasunera lerratu gara. Aitzitik, pertsonaiekiko maitasun ia muturrekoa, argazkigintza zaindua eta interpretazio bikainak dituzte komunean.

 

Nolakoa izan da istorio baten barruan beste istorio bat txertatzeko esperientzia?

 

Oso libre eta sormenerako espazio handiarekin ikusi dut neure burua oraingoan, bai neure lanean bai lantaldeko gainerako kideekiko harremanean. Jakitun ginen nekez errepikatuko dugula halako esperientzia bat, eta, beraz, denari emanda aritu gara. Azken finean, pelikula zinemagintzan dihardutenentzako omenaldia da.

 

Zer moduz joan zen Zinemaldian eginiko estreinaldia?

Ikaragarria izan zen. Ez genekien publikoak nola erantzungo zuen, arrisku handia hartu baitugu film honetan, baina nik konfiantza handia nuen emaitzan eta ia seguru nengoen gisa guztietako publikoentzako filma egin dudala nire ukitua galdu gabe. Txaloaldiak, bost minutuko txalo segidak, duda guztiak uxatu zizkidan.

 

Eta aretoetan, zer harrera espero duzue? Zein ibilbide komertzial izango du pelikulak?

Joan den ostiralerako, estreinaldirako, 15 ale banatu genituen 12 hiritan, eta asteburu honetan 5 gehiago zabalduko ditugu; ez dago gaizki horrelako film batentzat. Jendeak ahoz aho esaten duena berebizikoa izango da aurrerantzean, eta nik uste ikusten joango direnek gomendatu egingo dutela, baina horretarako pazientzia behar da eta erakusleak urduritu egin ohi dira:  lehen astean eurek nahi duten bezala ez badoa, agur. Nolanahi ere, inoiz ez da jakiten publikoak nola jokatuko duen. Eta hori oso ona da.