Itxi

Zinema

Azaroak 23-29

48 film lehian, Lekeitioko 37. Euskal Zine Bileran gaurtik aurrera

Erredakzioa

30 lan amateurrek eta 18 lan profesionalek parte hartuko dute, nor baino nor gehiago, Bizkaiko herriko zinemaldian. Euskara hutsezko jaialdia azaroaren 23tik 29ra egingo dute.

  • Pello Gutierrezen "Abuztua" filmak irabazi zuen iaz film onenaren saria.

    Pello Gutierrezen "Abuztua" filmak irabazi zuen iaz film onenaren saria.

Guztira 59 film aurkeztu dira Lekeitioko 37. Euskal Zine Bilerara, sekula baino gehiago, eta horietatik 48 aukeratu ditu hautespen batzordeak: 30 lan amateur eta 18 lan profesional. Euskara hutsez egiten den Euskal Zine Bilera gaurtik, igandea, 29ra arte egingo da aurten, antolatzaileek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

Filmak Euskal Herriko lurralde osotik heldu dira, eta profesionalen sailean 18 film aurkeztu dira: Gipuzkoako bederatzi, Bizkaiko sei, Lapurdiko bi eta Nafarroa Behereko bat. Amateur sailean, aldiz, 30 lan aukeratu dira: Bizkaiko 18, Gipuzkoako zortzi, Arabako hiru eta Nafarroako bat.

"Euskal Zine Bilerak, lehiaketa izateaz gain, bileraren alderdia indartu behar duela uste dugu. Hori horrela, azaroaren 29an, euskal zinemagintzaren topaleku izateko jardunaldiak eramango ditugu aurrera Lekeition", adierazi dute.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Euskal Zine Bilerak betiko bi helburuei eutsiko die: alde batetik, euskarazko lan amateurrak saritu eta horiei bidea egiten lagundu, eta bestetik, euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune izan. Horretarako, lehiaketak, beti legez, bi kategoria izango ditu: profesionalena eta amateurrena. Egileek eurek aukeratzen dute lana batean edo bestean sailkatzen duten.

Kategoria bakoitzean, Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dira. Profesionalen sailean, arlo bakoitzeko 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra dira sariak, eta amateurrenean, berriz, 1.000 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Horrez gain, film onenaren saria profesional eta amateurren kategorietan emango da: lan profesional onenak 1.900 euro eta Urrezko Antzarra jasoko ditu, eta lan amateur onenak, 1.300 euro eta Urrezko Antzarra. Iaz, Pello Gutierrezen Abuztua filmak irabazi zuen profesionalen arteko film onenaren saria, eta amateurren artean, berriz, Ohian Vitoriaren Etxehuts filmak.

Euskal zinemagile gazteak bultzatzeko, 22. Gazte saria emango da aurten. Hamar film aurkeztu dituzte sari horretan lehiatzeko, eta 600 euroko sari berezia emango dute 1991ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako parte-hartzaileen artean.

Aurten, gainera, Antzar Morea eta 500 euroko saria banatuko da lehenengoz. Lekeitioko Udaleko Berdintasun batzordeak genero ikuspegia hoberen txertatzen duen lana sarituko du, eta lana sortzeko prozesuan emakumearen presentzia zenbatekoa izan den ere hartuko du kontuan.

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Lekeitio