Zinema
Urrezko Globoak 2015
'Boyhood', Urrezko Globoetan nagusi
Erredakzioa
Richard Linklater zinemagilearen filmak hiru sari lortu ditu, tartean pelikula onenarena.
Boyhood Richard Linklater zinemagilearen filma izan da Urrezko Globoetako garaile nagusia, hiru sari lortu baititu. Birdman eta The Theory of Everything lanek bina golardo eskuratu dituzte.
Espero zenez, Boyhood lanak film onenaren eta zuzendari onenaren Urrezko Globoak eskuratu ditu. Hirugarrena antzeztaldeko emakumezko aktore onenarena izan da (Patricia Arquette).
Pelikula horren lehiakide nagusia Birdman zen, izendapen gehiago baitzituen (7), baina, azkenean, bi sari baino ez ditu jaso: komedia edo film musikaleko gizonezko aktore onenarena (Michael Keaton) eta gidoi onenarena. Komedia edo film musikal onenaren sariak, baina, ihes egin dio, The Grand Budapest Hotel lanarentzat izan baita.
The Theory of Everything filmari ere bi golardo eman dizkiote: gizonezko aktore dramatiko onenarena (Eddie Redmayne) eta soinu-banda onenarena.
Bestalde, Julianne Moore (Still Alice) aukeratu dute emakumezko aktore dramatiko onena, eta Amy Adams (Big Eyes), komediakoa.
Ekitaldia Tina Fey eta Amy Poehler umoristek aurkeztu dute, hirugarrenez, eta Parisen Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren aurka egindako atentatu terrorista eta Ipar Koreak Sony konpainiari egindako eraso informatikoa ere izan dituzte hizpide bertan.