Itxi

Zinema

'La noche del ratón', SBIFF-en

Bigarren eguna Santa Barbaran

Miriam Cabeza

Santa Barbara (Kalifornia)

Miriam Cabeza “La noche del ratón” filmaren protagonista Santa Barbara Film Festivalen dago, Kalifornian, filma aurkezten. Esperientzia kontatuko digu.

  • La noche del ratón

    'La noche del ratón' filmaren aurkezpena. Argazkia: Miriam Cabeza

Albisteak (1)

Eta atzoko eguna heldu zen. Siesta egin izan bagenu bezala esnatu ginen. Ordulariek arratsaldeko laurak zirela zioten. Zalantza izan genuen Santa Barbaran bederatzi ordu gutxiago direla ohartu ginen arte.

Egun gogorra genuen aurretik. Gogorra bai! (Eguna nolakoa izan zen jakin ondoren, ordea, adjektibo leunegia erabili dudala uste dut).

Goizean goiz hainbat lan egin genituen eta Madekin elkartu ginen.

Mad arduratzen da komunikabideekin harremanak zehazteaz eta hainbat elkarrizketa hitzartu zizkigun (gehienak gaztelaniaz, ikuslearen mesede!). Izan ere, "La Noche del ratón" filmaren mundu mailako estreinaldia zen atzokoa! 13.40an ikusi ahal izan genuen zinearen arloan kultura handia duen ikusle inpartzialen jarrera.

Metro 4 theatre. Sartu eta irudi eta soinu probak egin genituen. Dena prest. Eta ikusleak aretoan sartzen hasi ziren! Aretoa ez da oso handia, baina betetzen ari da! Gutxigatik "sold out" kartela eseki genuen. Davidek eta Asierrek egin zuten pelikularen aurkezpena eta ikusleak bereganatu zituzten. Barregarria da haiek ingelesez hitz egiten entzutea.

Emankizuna hasi zenean ikusleen erreakzioak uste baino hobeak dira. Hori bai, batzuetan, guk espero ez genuen uneetan egiten dute barre edo beldurtzen dira. Beste kultura bat da.

Gustatu zitzaien. Asko gustatu zitzaien. Jaialdiko zuzendariarekin izandako hitzaldiak eta erakutsitako berotasunak asko hunkitu gintuen (ondoren, inork ikusten ez gintuenean, norbaitek malkoren bat ere bota zuen). Izan ere, horrelako lan baten ondoren errekonozimendua jasotzeak motibatu egiten zaitu.

Berandu bazkaldu genuen. Taldeko seiak Irungo Maiderrekin batera joan ginen bazkaltzera. Maider El Diario Vascoko kazetaria izan zen denbora luzean, eta orain Los Angelesen bizi da.

Bazkaldu eta alfonbra gorrira joateko 10 minutu besterik ez genituen. 10 minutu! Ogia erostera joaten naizenean ere denbora gehiago behar izaten dut prestatzeko.

Ez da batere glamurosoa hanburgesategi bateko komunean arropaz aldatzea, baina ez dago besterik.

Miriam Cabeza

Miriam Cabeza. Argazkia: Miriam Cabeza

Arratsaldeko seiak. Arlington Theatren Madekin elkartu gara. Ehunka komunikabide bildu dira. Jennifer Aniston aktoreari sari bat emango diote.

Hainbat elkarrizketa egin ondoren (oraingoan, ingelesez), alfronba gorria! A zer nolako unea!

Asierrek eta Davidek ez dute nik adinako ilusiorik. Zapata berriak izango banitu bezala nago. Eta horrela da, zapata berriak jantzi ditut, eta ez da erabaki egokia izan.

Ehunka mila flash. Begiratu hona, itzuli hara, barre egin... bufff. A zer nolako iskanbila! Baina zeinen polita aizu!

Azkenean Jenniferren ekitaldian sartu gara. A zer nolako antzoki polita! Patio baten itxura du (Andaluziakoa izan liteke) eta aire librean dagoela dirudi. Ikaragarria da! Ibilbidea errepasatu dute lehenik, eta elkarrizketa egin diote ondoren. Askok ezer gutxi dakite. Eta nekatuta gaude! Bagoaz. Izan ere, hona gure liburuari buruz hitz egitera etorri gara! Hobe esan, gure filmari buruz!

filmari buruz!