Itxi

Zinema

'La noche del ratón' SBIFF-en

Kaliforniako abenturan aurrera: hirugarren emanaldia, eta Hollwoodera!

Miriam Cabeza

Santa Barbara (Kalifornia)

Miriam Cabeza “La noche del ratón” filmaren protagonista Santa Barbara Film Festivalen dago, Kalifornian, filma aurkezten. Esperientzia kontatuko digu.

Azken emanaldia dugu aurrean. Gaur gauean, pelikula azkenekoz proiektatuko dute hemen. Lehenagoetan gertatu zaigunean oinarrituta, aurrekoak baino hobeto joango dela uste dugu… Horixe izan baita gure ibilbidea orain arte.

Gure bigarren emanaldiaren ordu berean, Michael Ketaoni sari bat eman behar zioten, eta beldur ginen (David erabat sinetsita zegoen) ez ote zen nahiko genukeen adina ikuslerik bilduko. Oker geunden; oso oker. Aretoa bete egin zen, gu bertan egotea baino diru gutxiago kostatu zen pelikula bat ikusteko gogo biziz bertaratu zen jendea. Literalki.

Zein ederra publikoa pelikulari emana, iritzia plazaratzen eta ondorioak partekatzen ikustea. Zein ederra hiri bat zinemari osorik emana ikustea.

Atzo egun lasaixeagoa genuen, eta hizkuntzakideen filmak ikusi ahal izan genituen ;) Donostia ikusi eta euskara entzun genuen ere! Oso hunkigarria! Zenbat eta urrunago egon, orduan eta hunkigarriagoa. Bitxia da.

Miriam Cabeza

"Five days to dance" dokumentala Larramendi ikastetxean grabatu dute, hezkuntza esperientzia alternatibo bat kontatzen du eta zinez merezi du ikustea. Malkotxoren bat ere bota nuen; aitortzen dut.

"Tercer grado" pelikula espainiarra ere hautatu dute jaialdirako. Hau ere gomendagarria da. Odola, ukabilkadak eta sua, moral bikoitzaren jokoaren testuinguruan. Oso lan ona egin dute gure kideek, bai horixe.

Gaur gauean jaialdiarekikoak bukatuko ditugu, baina ez gure abentura. Los Angelesera goaz! Bost egunez (ni apur bat gehiago geldituko naiz ;) ), lana eta aisialdia uztartuko ditugu.

Zer esango dizuet, bada, kontatuko dizuedan hurrengoa Hollywoodetik idatziko dudala jakinda…. HOLLYWOODetik!!

HOLLYWOODetik!!