Zinema
Goya sariak 2015
Wert eta BEZa, kritiken jomuga Goya sarien ekitaldian
Erredakzioa
Iaz ez zen sari banaketara joan eta aurten kritika ugari jaso ditu; askok eta askok kulturaren gaineko % 21eko BEZa jaisteko eskatu dute.
Dani Rovira 2015ko Goya sarien ekitaldiko aurkezleak lasai egoteko eta sari banaketaz gozatzeko eskatu badio ere Jose Ignacio Wert Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroari. Kritika ugari jaso ditu hitzaldietan ministroak, eta kulturaren gaineko BEZa jaisteko eskatu diote behin eta berriz.
“Ondo pasatzen ari zara?”, galdetu dio Dani Rovirak Werti ekitaldiaren erdian. Aurreko urtean ez zen sari banaketara joan ministroa, eta galdetu dio ea “eroso” sentitzen ote zen, eta “burumakur” ote zegoen kritika eta aipamen faltagatik.
Handik gutxira, Antonio Banderasek Ohorezko Goya saria jaso zuenean, Pedro Almodovar zinema zuzendariak kultura eta zinemaren “adiskideen artean” ez zegoela esan zion ministroari.
Wertek, ekitaldia hasi baino lehen, esan zuen “zinema espainiarraren ospakizun handiarekin” gozatuko zuela.
Alabaina, hasi eta berehala, Dani Rovirak “aurpegi ona” jartzeko eskatu zion, “Natxo” deitzeko eta hika erabiltzeko baimena eskatu eta gero.
“Goza ezazu, ondo pasa, maitatua sentitu eta gutaz maitemindu zaitez, jateko modukoak garela eta”, esan dio aurkezleak. Gainera, Rovirak gogorarazi dionez, iaz zinema espainiarrak ia 130 milioi euro bildu zituen, eta 27 milioi euro baino gehiagoko ekarpena egin dio Estatuko altxorrari, milaka lanpostu sortzeaz gain.
Era berean, ministroak ere entzun behar izan du zinemaren gaineko BEZa jaisteko eskakizuna, aurreko Goya sari banaketetan hainbatetan gogoratu dioten bezala.
“Bada garaia BEZa jaisteko”, BEZa “madarikatua”, esan du Enrique Gonzalez Macho Zinemako Akademiako presidenteak hitzaldian. Gonzalezek, gainera, AEBak eta Frantzia jarri ditu adibide gisa, zinema “Estatu” mailako gauza baita.
>