Itxi

Zinema

Punto de Vista, barrutik

Siria eta Abkhazia, atal ofizialeko uharte politikoak

Mikel Dominguez

Iruñea

'Descripción de una isla' pelikulak eman dio hasiera ofiziala zinema dokumentalaren jaialdiari, eta bi lan politiko Erdialdeko Eskualdera heldu dira.

Astearte gauean hasi zen, ofizialki, Punto de Vista zinemaldia, ziklo guztiak jadanik hasita zeuden arren. Rudolf Thome Baluarten egon zen, Descripción de una isla (1979) aurkezteko. Zinemaldirako zaharberritu duten 3 ordu eta gehiagoko film luze honek uharteei eskainitako zikloa ere inauguratu zuen. Zinemak bereziki irudikatu ditu itsasoz inguratutako leku horiek.

Pelikula luzea, sakona, zehatza eta zintzoa da, zentzu guztietan. Alemaniako zientzialari batzuk, AEBetako emakume bat buru dutela, Ozeano Bareko Parapara irlara heldu dira, Vanuatun. Ferra itxura duen irla honek sei urte luzez hartuko ditu. Bitartean, bisitarien eta bertakoen arteko ezberdintasunek, baita hizkuntzaren aldetik ere, eta zientzialarien artekoek, altxor etnografiko hau osatuko dute. Ezintasuna da nagusi, lurraldea ulertzeko ezintasuna, alboko irletakoek ere Parapara ulertzen ez dute eta: “Haizea igartzen duzu? Beti bera da. Hemen barruan usteltzen da, eta ez dabil haize berririk”.

Politika, atal ofizialeko protagonista

Eguneko bi lagunek, Erdialdeko Eskualdeko lehiaketan, zentzu politiko sakona izan dute. Segur aski, bakoitza harresiaren leku ezberdinetan kokatzen da. Our terrible country pelikulan, Mohammad Ali Atassik eta Ziad Homsik Siriako gobernuaren aurkako Yassin Haj Saleh jarraitzen dute, Turkiako erbestera bidean. Bere burua “Estatu ofizialaren eta Estatu Islamikoaren terrorismoen artean” kokatzen badu ere, Siriako Armada Askearen lagun da pelikula. Gizatasuna eta gerra garaian zinema egiteko balentria alde batera utzi gabe, pelikularen balio handiena euren motibazio politikoak argitzea da. Testua bere kontra itzuliko balitz bezala, baina horren aurka egin gabe, mugimendu “iraultzailearen” kontraesanak agerian uzten ditu, pelikula aberastuz.

Letters to Max pelikulak ere, interesgarriagoa zentzu narratiboan, guda du hizpide, oraingoan oroitzapen urrutietan eta geroko egoeran. Aitzakiak Abkhaziako Errepublika bezalako ez-leku batera bidalitako gutunak dira, iritsiko diren jakin gabe ere, Parisetik nazioarteak onartzen ez duen herrialde batera. Testuak pisu handia du pelikulan. Ikuspuntu metazinematografikotik, pelikula bera jartzen du zalantzan, ez-pelikula bat bihurtzeko beldurrik gabe. Funtsean, hausnarketa politiko sakon eta poliedrikoa da, Georgia eta Errusia arteko estatu berri bat eratzearen alde zailenak ezkutatzen ez dituena.

Agenda/Atal ofiziala: Our terrible country ikusgai egongo da ostegunean, 17:00etan, Baluarten. Egun berean, 20:00etako sesioan, Letter to Max emango dute.

Zinema Iparraldean

Chez les Basques zikloak Ipar Euskal Herrian filmatutako zinema mitikoena erakusten jarraitzen du. Lumiere anaiek Biarritzen euren asmakizun berria probatzen dute Rochers de la Vierge filmean; lehenengo euskal hitzak entzuten dira Au pays des basques-en (erleak!); propaganda naziak Iparraldeko erromantizismoa aukeratzen du Im Lande der Basken pelikulan; eta erritu bitxi bat erakusten du Maskaradak bideoan. Pelikula hauek asteazkenean ikusiko dira, 17:00etan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Iruñeko bideoak