Zinema
Punto de Vista, barrutik
Zer pentsatuko luke Zerbitzarik Txinako proiektu hidrologikoari buruz?
Mikel Dominguez
Iuñea
Atal ofizialeko azken pelikulak ikusiko dira asteburuan. Otar Iosseliani georgiarra iritsi eta X Films proiektuak aurkeztuko dira.
Nafarroako Zinema Dokumentalaren jaialdia asteburuan sartu da. Ziklo guztiek azken pelikulak erakutsiko dituzte, baita atal ofizialean ere. Sariak ere banatuko dira. Ikusitako azken lan ofizialetan, lurraldeak eta gizarteak izan dira protagonista. Lettres du voyant filmean, gutun batek gidatzen du Louis Henderson Ghanan zehar. Zuzendariak Afrikako magia eta teknologia uztartzen ditu, desberdintasun sozialari buruzko irakurketa fantastiko bat egiteko, poskolonialismoari kritika eginez. Rainbow's Gravityk materialitate filmikoan du jatorria, baina performance bat dirudi. Historia ezezagun bat erakusten digu: Alemania nazian sortutako kolorezko pelikula fotografikoa. Ez dirudi mezua oso sakona denik, kolorearen erabilpenaren eta teknika horrek inguruko biztanlegoan izan zuen eraginaren inguruan.
Berriz politika Sud eau nord deplacer pelikulan (Antoine Boutet), Txinako proiektu hidrologiko erraldoiaz. Elkarrizketa bat da (oihuka, pantaila barruan eta kanpoan), kolektiboaren eta gizabanakoaren interesen artean. Zinemaz ari bagara, interes estetiko argia dago, edo hobeto esanda, bat baino gehiago, ikuspuntu politiko batetik: gobernuaren diskurtsoaren hieratikotasuna, mugitu behar izan den jendearen doku-errealitatea, Tibeteko edertasun onorikoa... Asmo horretatik mintzo da pelikula, baina baliorik handiena ustelkeriaz argitzen duena da. Saria irabazteko hautagai sendoa da, edozein kasutan.
Agenda/Atal ofiziala: Lettres du voyant eta Rainbow's gravity larunbatean emango dituzte, 20:00etan, Baluarten. 22:30etan, Sud eau nord déplacer.
Gerezietako apaiza
Chez les Basques zikloan bildutako Iparraldeari botatako begiraden artean ezberdintasun handiak daude. Publikoa Orson Wellesen pelikulen dagoen bitartean (larunbateko saiorako sarrera guztiak saldu dira, eta zinemaldiak beste aukera eman du: igandean 22:30etan), Hubert Knappen bi dokumentalak nabarmentzeko modukoak dira. Telebistarako elkarrizketa dago Jean Elissalde Zerbitzariri egin zion erretratuaren funtsean, baina Gerezietako apaizaren karismak pantailaren osotasuna hartzen du, maisutasunez. Kontrabandista, euskaltzaina eta pilotaria ere bada, eta umorez egiten dio aurre autorearen begirada paristarrari. Dudarik gabe, Knapp da, mitoetatik urrun, euskal esentzia egokien harrapatu duena. Croquis en Soule dokumentala Zuberoa du hizpide. Knapp ez da lurralderik onirikoenaren paisaietan geratzen, eta etxeetan sartzen da. Herrikoak pastoralen entseguak burutzen ari diren bitartean, ukuilu hartako magia harrapatzea lortzen du autoreak. Le curé de Gréciette eta Croquis en Soule Baluarten emango dituzte, larunbatean, 22:30etan.