Zinema
Punto de Vista, barrutik
Isidro Valcarcel Medinaren zorakeria ederrak
Mikel Dominguez
Iruña
Artista kontzeptualaren lana berreskuratu du Punto de Vistak, 'Heterodocsias' sekzioan, eta 'La celosia' proiektatu du berriz, 43 urte geroago.
-
Argazkia: Punto de Vista zinema jaialdia.
1972ko Iruñeko Topaketetan, Isidro Valcarcel Medinak eleberri bat moldatzeko proposamena aurkeztu zion publikoari. 43 urte geroago, Nafarroako Zinema Dokumentalaren Jaialdiak artistaren lana berreskuratu du, "Heterodocsias" sekzioan, gutxien zabaldutako zinemari buruz. Lehendabizi, N escribiré arte con mayúscula ikusi ahal izan zuen publikoak, Luis Deltrellek eta Miguel Alvarez-Fernandezek egindako dokumentala Valcarcelen lanari buruz. Baina momentu historikoa La celosiaren proiekzioan heldu zen. Oraingoan, ihesaldia txikiagoa izan zen, eta jende gehiagok eutsi zuen pantailaren aurrean.
Pelikula erraz bat izatetik urrun dago La celosía. Bere autore zinematografikoak esaten duenez, "liburua pantailara eramatearen ondorioa" da, hitzez hitz. Inork ezin du esan Valcarcelek ez zuenik egin. Alain-Robbe Grilletek idatzitako liburuko testuak ikus daitezke pantaila zurian, letra beltzez. Hori bai, ez edozein moduan. Testu batzuk gazteleraz daude; beste batzuk, jatorrizko hizkuntzan, frantsesez. Beste testu batzuk lokutatuta daude bi hizkuntzetan; audioak, gainjarrita edo ulergaitzak. Azken finean, disoziazio momentu asko daude, eta ezinezkoa da pelikula jarraitzea liburua irakurtzen ariko bagina bezala. Aldiz, harridura sentituko dugu askotan, edo leitmotiv ugariek sortzen diguten efektuaz harrituta egongo gara. Liburuaren elementu batzuk errepikatzen ditu pelikulak, esaterako, "bananondoen masa berdea", "ehunzangoa horman" edo deskripzio arkitektonikoak. Planoen luzaera, beraz, estetikaren nahierara geratzen da.
Bigarren mailakoa baztertzen du, eta garrantzitsua nabarmentzen du, betiere bere irizpidearen arabera. Hori probokazioa da askorentzat, 1972an zein 2015ean. "Sormen monokordearen aurrean", Isidrok oso lan ezberdina osatzen du, baina batez ere, hausnarketarako gonbita egiten duena.
9 sekuentzia pantailari buruz
Bere lana eta presentziaz gain, Valcarcelek pantailaren inguruko hitzaldi bat oparitu zion Punto de Vistako publikoari. Zinemaren elementu nagusia izan arren (sabana zuri hori, geldirik, irudiak mugimenduan proiektatzeko lekua), pantaila ez da inoiz pentsatua edo aldatua. Baina euskarria ez da hutsala: entitate autonomoa da berez, aukera espresibo askorekin. Zinemagileen "erosotasunaren" aurrean (pantailaren ezaugarriak onartzen dituzte, eta soilik "zooma edo fokoa bezalako txikikeriez" kezkatuta daude), Valcarcelek pantailarekin artea egitea aldarrikatu zuen: mugimendua, kolorea, itxura, testura eta abar zalantzan jarriz. Zinemak pantaila behar du, eta zinemazaleak pantailaz konturatu behar dira. Proposamena, beste behin, erradikala da. Hausnartzeko gonbita. Zorakeriak behar ditu zinemak. Baina nor izango da artearen egia faltsua zalantzan jarriko duena?