Itxi

Zinema

''The Other Side of the Wind''

Orson Wellesen film bat estreinatuko dute, hil eta 30 urtera

Efe

1970 eta 1976 artean pelikula bat filmatu, eta bukatu gabe utzi zuen. Lana egiteko ideia Orson Wellesen eta Ernest Hemingwayren arteko borroka batek piztu zuen.

Orson Wellesek The Other Side of the Wind pelikula amaitu gabe utzi zuen, muntatu gabe, Parisko biltegi batean giltzapean gorderik egon diren 1.000 bat hariletan. Orain, hura hil eta 30 urtera, eta Wisconsinen 1915eko maiatzaren 6an jaio eta mende batera, litekeena da berandu baino lehen, 2015ean seguru asko, material hori pelikula bihurtzea.

1970etik 1976ra, Welles oso proiektu pertsonala filmatzen aritu zen, tarteka eta oso modu kaotikoan, baina, azkenean, bertan behera utzi behar izan zuen, dirurik ez zuelako lortu. Ez da lan autobiografikoa beren-beregi, baina Europara aldatu eta gero behinolako arrakasta galdu duen eta haren bila Hollywoodera itzuli den zinema zuzendari mitiko baten ingurukoak ditu kontagai.

Filmatutako irudiak, zinemaren altxorra, desagertuta egon dira, Welles hil eta gero, Beatrice alabaren, zinemako maisuaren oinordeko bakarraren, zaintzapean. Aitaren ondarearen zaindari prestuarenak dira filmaren esplotazio eskubideak, baita Oja Kodar aktorearenak eta L’Astrophore fantziar-irandar konpainiarenak ere.

Wellesen pelikula argitaragabea plazara ekartzeko hainbat saiakera izan dira aurretik, baina ez da akordiorik izan. 2014an, baina, Frank Marshall eta Filip Jan Rymsza The Other Side of the Wind Royal Road Entertainment konpainiarekin ateratzeko bidea egiten hasi ziren.

Enpresa horrek pelikula bukatzeko baimena du orain, eta, proiektua bertatik bertara jarraitzen ari direnek diotenez, diskrezioa diskrezio, bide egokitik doa prozesua.

Harilak sailkatzen ari dira orain Parisen, guztia kontrolpean izan eta Los Angelesera bidali aurretik.

Kalifornian, editatzen hasiko dira, eta, ekoizleek aurreratu dutenez, lehen mailako editore bat kontratatu nahi dute, “Wellesen estiloa imitatzeko gauza dena eta, planoak lotzeko lanetan, Welles zenak zer egingo lukeen asmatzeko iaioa”.

“Wellesek bi orduko pelikula egin nahi zuen” azaldu du Josh Karpek, Orson Welles's Last Movie: The Making of The Other Side of the Wind liburuaren egileak. Wellesek hartutako irudiak ikusteko aukera izan duen pertsona bakanetakoa da Karp.

Hemingwayrekin muturrekoka

Filma egiteko asmoa 1937an ernatu zen, Orson Wellesen eta Ernest Hemingway idazlearen ego erraldoiek talka egin, eta bi sortzaileak Manhattango estudio batean ukabilkadaka borrokatu eta gero.

Welles gaztea Hemingwayk deituta joan zen estudiora, The Spanish Earth Espainiako Gerra Zibilari buruzko dokumentalean ahotsa jartzeko. Testuari ukitu batzuk ematea otu zitzaion orduan Wellesi, hobetze aldera, baina idazleak txarto hartu zuen eta homosexuala zela esan zion, irain moduan. Wellesek Agurea eta itsasoa (The Old Man and the Sea) lanaren egilearen zangar plantak kritikatu zituen orduan.

Karpek kontatzen duenez, barre eta whiski botila artean bukatu zen sesioa, baina agerikoak dira The Other Side of the Wind laneko protagonistaren, Jake Hannaforden, eta Hemingway idazlearen arteko berdintasunak.

Hannafordek zinemagile harroxkoarena, tipo gogorrarena, egiten du filmean, John Forden itxura oso antzekoa du, eta kontatzen den istorioa uztailaren 2an gertatzen da, pertsonaiaren bizitzako azken egunean; Hemingwayk 1961eko uztailaren 2an egin zuen bere buruaz beste.

Wellesen ustez, Karpek idatzi duenez, itxurakeria hutsa zen testosterona erakustaldi zentzugabe hori, eta haren atzetik homosexualitate erreprimitua ikusten zuen. Pelikulan horixe erakusten du: aktore nagusiak asko erakarriko du Hannaford, eta gakoa da hori istoriaren ibilian.

John Huston da Hannaford pelikulan, eta beste aktore ezagun asko ageri dira: Oja Kodar, Peter Bogdanovich, Dennis Hopper...