Zinema
'Lurraldeak eta mugaldeak'
Zinema dokumentala bidegurutzeetan aurkitzen da
Mikel Dominguez
'Lurraldeak eta mugaldeak' proiektu akademikoak zinema dokumental garaikidearen prozesuak ulertzeko ezinbestekoa bilakatu du Euskal Herria.
-
Carolina Martinez, Concha Barquero, Alejandro Alvarado eta Vanesa Fernandez. Egilea: Rocío Martín.
EHUn sei urtez udako ikastaroak antolatu ondoren, 'Lurraldeak eta mugaldeak' proiektuaren arduradunak pozik egon daitezke, bazterretako zinemaren ikasketan ezinbesteko erreferentzia bilakatu baitute. Azken edizioan, Vanesa Fernandezek, Estibaliz Alonsok eta Aintzane Pagadigorriak zinemagileak, kritikariak, akademikoak eta ikasleak batu zituzten berriz ere Bilbao Arten. 'Intersecciones y puntos de fuga' (Bidegurutzeak eta ihespuntuak) izenburupean, ideien etengabeko erkaketak dokumentalaren gaur egungo egoera ulertzen laguntzen du.
Zinema dokumentala zentzu zabalean ulertuta, diziplinak eta generoak hibridatzen den periferia, hain zuzen, 2015eko 'Lurraldeak eta mugaldeak' ikastaroan denetarik izan da: Goya sariak irabazi dituzten zuzendariak, ikus-entzunezko industrian bizimodua ateratzen duten muntatzaileak, telebistako jentea, kritikariak, gazte gogotsuak eta artista aktibisten kolektibo bat.
Sergio Oksmanek dokumental labur onenaren Goya irabazi zuen 2012an, A story for the Modlins lanagatik. Zakarrontzian aurkitutako argazkien bitartez arakatutako familia baten historia zen pelikula. Fernando Francok zuzendari berri onenaren Goya saria irabazi zuen 2014an, La herida film luzeagatik. Oksmanen pelikulak ere muntatu ditu, eta biok batera brasildarraren zinema arakatu zuten. Kazetari lanekin hasi zuen, telebistako erreportajeak egiten, baina gero muntaiak berebiziko garrantzia hartu zuen, eta formaz gehiago arduratzen hasi zen. Hurrengoa O futebol izango da. Publikoari xehetasun guztiak azaldu zizkion.
Alejandro Alvaradok eta Concha Barquerok Pepe el andaluz ekarri zuten Bilbora, eta Carolina Martinez muntatzaileak ulertzen lagundu zigun. Hamar urtez grabatzen egon ostean, azkenean pelikula egitea erabaki zuten. Bidaia zirraragarria da familia baten memorian zehar, aitonaren identitatea argitu nahian. Thriller bat ematen du, baina batez ere, maisuki erabilitako lengoaia da gogoangarria. Hunkigarria.
Eztabaidarako gunea da 'Lurraldeak eta mugaldeak'. Aurten, lanaren balioa eta artearen ordainsariak izan zituzten aipagai, ikasle gazteen ardurei jarraiki. Lana ordaindu egin behar dela argi geratu zen, baina baita industria hain urrun duten pelikulak egitea kontu gero eta pertsonalagoa dela. Left Hand Rotation kolektibo anonimoak bideoan erregistratzen dituzte euren ekintzak, mundua irakurtzeko moduak iraultzeko helburuarekin beti. Baldintza bat dute: inoiz ez dirurik jasotzea kolektibo bezala egiten dutenagatik. Sorkuntza artistikoa, merkatutik kanpo.
'Errautsak' pelikularen zuzendariak ere protagonistak izan ziren. Euskal zinemagile gazteak dira. Film hori egiteko batu ziren, eta orain zinemaldietara bidali nahi dute. Zinebin estreinatu zen, Bilboko zinemaldiak ekoiztu eta bultzatu zuen eta. Ernesto del Rio Zinebiko zuzendaria ere udako ikastaroan egon zen, baita El tramo final pelikulako zuzendari Oscar Perez, Elena Oroz kritikaria eta Amaia Lauzirika, Arte Ederretako Fakultateko dekanoa.