Itxi

Zinema

Bi Oscarren jabe

James Horner 'Titanic' filmeko musikaren sortzailea hil da, istripuan

Agentziak | Erredakzioa

Orkestra zuzendari eta konposatzailea, ‘Braveheart’, ‘Aliens’, ‘Arrosaren izena’ eta beste hamaika filmen soinu banden egilea, Santa Barbara inguruan (Kalifornia) hil da, hegazkin istripuan.

1:14

James Horner konposatzaile eta orkestra zuzendari estatubatuarra, Braveheart, Titanic eta beste pelikula batzuetako soinu bandaren egilea, bart hil da, 61 urte zituela, hegazkin arin batean zihoala istripua izanda, The Hollywood Reporter hedabideak iragarri duenez.

Santa Barbara inguruan izan da ezbeharra, Kalifornia estatuan (AEB), bertan 21:30 zirenean. Konposatzailearen izenean erregistratuta zegoen S-312 Tucano MK-1 hegazkin arin batek lurra jo du, motorrean matxura izan eta gero.

Santa Barbarako suhiltzaileen lantalde bat bertara joan da, istripuaren berri jasotakoan, baina ez dute inor bizirik aurkitu, CBS kate estatubatuarrak jaso duenaren arabera.

1998an, Hornerrek Jatorrizko Kantu Onenaren (‘My Heart Will Go On’) eta Jatorrizko Musika Onenaren (Titanic) Oscar sariak irabazi zituen, eta Hollywoodeko musika-konposatzaile ospetsu eta errespetatuenetakoa zen.