Itxi

Zinema

Elkarrizketa

Euskal Herriko beldurrezko zinema, A-tik Z-ra

Natxo Velez | eitb.eus

“Euskal Harriaren ABDak” lan kolektiboa estreinatuko dute ostegunean, hilak 5, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Donostiako Astean. 26 egileren beste hainbeste lan, Katihotsak Logiak gidatuta.

Hizkuntza batek, garatuta egon behar badu, mundua eta, ondorioz, gizarte esparru guztiak islatu behar ditu; zinemaren arloak ezin dio entzungor egin adierazpen horri, eta Katihotsak Logia kultur elkarteko kideek, ?Joxean?s Hil Eben? eta ?Ataun of the Dead? aurreko filmekin egin zuten bezala, euskarazko B seriea elikatzen jarraitu dute, ?Euskal Harriaren ABDak? Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Donostiako Astean bihar estreinatuko duten filmarekin.

Mikel Alvarez, Jon Artola, Beñat Iturrioz, David Larrañaga eta Oskarbi Sein proiektuaren koordinazio taldeko kideek zazpi lurraldeetako 26 bideogilerengana jo dute, bakoitzari alfabetoko letra bat eman eta, baldintza bakar gisa lana ?beldurrezko, fantasiazko edo zientzia-fikziozkoa izatea eta euskal elementuetan oinarrituta egotea? jarrita, film labur bat egitea proposatzeko. Lanok batuta, ?Euskal Harriaren ABDak? ondu dute, ?euskal bideogintzaren argazki erreala ateratzeko?.

Alvarez, Artola, Iturrioz, Larrañaga eta Seinengana jo dugu, estreinaldiaren bezperan, zinemagintzan diharduten profesionalak eta hasiberriak batu dituen proiektuaren nondik norakoak ale diezazkiguten.

Nola sortu zen ?Euskal Harriaren ABDak? egiteko ideia? Zein epe izan ditu egitasmoak?

?Joxean?s Hil Eben? pelikula, ?Ataun of the Dead?en bigarren zatia, egin eta gero ?Napardeath? izango den hirugarren zatian pentsatzen hasi ginen Katihotsak Logian. Orduan, ideia ona iruditu zitzaigun trilogiaren amaiera horren aurretik lagun batzuei film labur batzuk egiteko eskatzea, gure pelikularen promozio gisa. Ideia horri bueltak ematen ari ginela berotu egin ginen, eta pilota baloi bilakatu zen, konturatzerako meteorito bat izaten amaitzeko. Euskal Herrian 26 zinemagile eta kolektibo biltzea erabaki genuen, guztion artean ?Euskal Harriaren ABDak? osatzeko.

Hori 2014ko maiatzean edo izan zen, eta uztailean hasi ginen errekrutamenduarekin. Irailerako 26ak lotuak genituen. Hasieran gure inguruko jendearekin hitz egin genuen, eta hauek, ideia gustuko izan zutenez, euskal bideogintzako alor ezberdinak ukitzen hasi ginen: profesionalak, amateurrak, kulturgintzan zebiltzan baino bideogintzarekin harremanik ez zuten animatuak? Talde polit zein anitza osatu dugulakoan gara.

Harrizain bakoitzak martxorako film laburra grabatua izan behar zuen, eta ekaineko azken egunerako entregatu behar zuen. Ez da kasu guztietan horrela izan, baina nahiko fin ibili dira guztiak.

Zer aurkituko du ikusleak pantailan?

26 harrikadak osatutako harrikada handi bat. Garbi genuen generoak beldurra, fantasia eta zientzia-fikzioa izan behar zirela, eta hor mugituko dira lan guztiak. Hala ere, umorea oso presente dago eta genero nahasketa interesgarriak ere badaude.

?Euskal bideogintzaren argazkia?

Nola erabaki zenuten zer zinemagilek parte hartu behar zuten proiektuan?  Zer baldintza jarri zenizkieten?

Esan bezala, lehendabizi gertuko jendearekin hasi ginen hizketan, gure mailan ibil zitezkeenekin. Asko gustatu zitzaien ideia, eta agian proiektuak guk uste baino oihartzun handiagoa izan zezakeela pentsatu genuen. Une hartan, amateurrez gain, profesionalekin ere harremanetan jartzea erabaki genuen, Euskal Herriko bideogintzari atera nahi genion argazki hori are errealagoa izateko.

Errekrutamenduan gehien baldintzatu gaituen irizpideetako bat geografia izan da. Garbi genuen zazpi probintzietako film laburrak nahi genituela, eta horretan saiatu gara, nahiz eta ez dugun lortu guk nahi bezain orekatua izatea. Beste irizpide bat generoa izan da: emakumezko zein gizonezkoen arteko oreka bilatu dugu, eta, hemen ere, nahiz eta guk nahi bezain orekatua izaterik ez dugun lortu, gustura gaude emaitzarekin.

Egileei jarri zaizkien baldintzak film laburraren generoa beldurra, fantasia edo zientzia-fikzioa izatea, euskal elementuetan oinarrituak egotea eta goitik behera Euskal Herrian ekoitziak izatea izan dira. Hortik aurrera bakoitzak nahi bezala interpretatu ditu baldintza horiek.

Nolakoa izan da horren lan ezberdinak film bakarrean txertatu eta antolatzeko lana? Nola kateatu dituzue film laburrak?

?Euskal Harriaren ABDak?ek euskal alfabetoa du bizkarrezur. Harrizain bakoitzari hizki bat egokitu zitzaion, eta laburrak banan-banan igarotzen doaz Atik Zra bidean. Hasiera eta bukaeran sorpresatxo bat ere bada, baina hori jakin nahi duena zinemara joan dadila hobeto.

Lanen arteko ezberdintasunaz ari bazara, ordea, ez da zailegia izan. Bakoitza bere baliabideekin egina dago, eta horrek pertsonalitatea ematen dio bakoitzari. Oso ezberdinak dira, eta horixe zen bilatzen genuena: goitibehera batean joatearen sentsazioa.

Ttarttalo Koldo Almandoz Euskal Harriaren ABDak

Ttarttalo (Koldo Almandoz)

Non eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Donostiako Astean estreinatuko duzue lana, azaroaren 5ean. Testuinguru ezin egokiagoa, ezta?

Bada, bai. Proiektua hasi genuenean ametsetan ere ez genuen halakorik irudikatuko. Hala ere, jaialdikoek interesa agertu dute lehen egunetik, eta pazientzia handia izan dute gurekin. Oso eskertuta gaude, eta sekula ahaztuko ez dugun egun bat izango da. Ea ez diren damutzen.

Euskarazko B seriearen aldarria

Beldurrezko, fantasiazko eta zientzia-fikziozko euskal zinemaren zer aurrekariri begiratu ahal izan diote zinemagileek bere lanari ekiteko?

Gure erreferente nagusia ?Kalabaza Tripontzia? da. Horrez gain, esan liteke ez dagoela aurrekari gehiegi genero hauetan; badira, eta kalitatezkoak gainera, baina ez dira ugariegiak.

Hori ere bada ?Euskal Harriaren ABDak? martxan jartzeko arrazoietako bat. Euskal zinema oso gauza interesgarriak egiten ari da azkenaldian, baina hizkuntza batek eremu gehiago behar ditu jaialdietako zinemaz gain, egun batean industria bat izan nahi badu.

B seriea, harrikadak edo gauza bizarroak ere behar ditu gure euskarak, biziraun nahi badu. Edukiak gure hizkuntzan sortu behar ditugu, bestela kanpoko gauzak ikusten amaitzen dugulako beti. Geure burua imajinatzea da proiektu honen helburuetako bat. Bestela, besteek imajinatuko gaituzte, eta ez gara ispilu horretan ezagutuko.

Xinta-dantza Euskal Harriaren ABDak

"Xinta-dantza" ( Jorge Gil Munarriz)

Nola ikusten duzue euskal zinemaren egungo egoera, nola sormenaren ikuspegitik hala industriari dagokionez?

Garbi geratu dadila hau gure iritzia dela, koordinazio taldearena alegia, eta ez 26 parte hartzaileena: esan bezala, urte ederrak bizitzen ari gara, eta badirudi hemendik aurrera urtero nazioarte mailako euskal film bat izango dugula ikusgai (ea hala jarraitzen duen).

Hala ere, hori beste mundu bat iruditzen zaigu. Gure mugez kontziente gara, eta badakigu ez garela sekula mundu horretan mugituko eta ez diogula euskal zinemari ezinbesteko ekarpenik egingo.

Dena dela, gure zinemak errealitate bat izan nahi badu etorkizunean industria bezala, borroka askotan sartu beharko du eta hildako asko utzi bidean. Hildako horiek izateko prest gaude.

Zer bide egingo du lanak azaroaren 5etik aurrera?

Victoria Eugeniako estreinaldi mundialaren ostean, Euskal Herriko zazpi hiriburuetan estreinatuko dugu ?Euskal Harriaren ABDak? azaroaren 13an. Hala ere, filmaren benetako bizitza hortik aurrerakoa izango da: estreinaldietako glamour-etik urrun.

Pelikula Euskal Herriko azken txokoan ere emateko prest gaude; horretarako, ABDak bere herriko zinema, kultur etxe, gaztetxe, zulo, tortura gela edo dena delakoan ikusi nahi duenak gurekin harremanetan jarri behar du eta guk norbait bidaliko dugu pelikularekin, berak nahi duenean eta nahi duen tokira.
Erritmo hori, ordea, ez da betiko izango, filmak hiru hilabeteko bizitza izango duelako. Emanaldi hauek otsailaren 14ra arte antolatu ahal izango dira, eta hortik aurrera film laburrak libre izango dira bakarka nahi duten bidea egiteko.

Bitartean, lotzen goazen emanaldi guztiak webgunean iragarriko ditugu, ikusi nahi duenak aukera non izango duen ikusi ahal izateko.